Lesakan udako solstizioko bestan ostatuko txandak betetzeko deia egin dute

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 5a, 18:00

Udako solstizioko edo San Joan bezperako besta eginen dute aurten ere ekainaren 23an, Lesakako Euskara Batzordeak antolatua. Gutti goiti-beheiti ohiko egitaraua izanen dute Plaza Zaharrean. Egun horretan paratuko den ostatuko txandak betetzeko galdetegia ere zabaldu dute. Ekainaren 9ra bitarte izanen da betetzeko aukera (igandea barne)

Egitaraua

Ekainaren 23an, igandean 19:00etan Bortzirietako Bertso Eskolakoak eta Lesakako triki-pandero jotzaileak ariko dira, kantuan eta musika jotzen. 19:30ean Lesakako Euskara Batzordearen adierazpenaren irakurketa eta sua piztea, tobera soinuen laguntzaz. Tantirumairu ikastolak 50 urte bete ditu ikasturte honetan eta ikastolako ordezkariak izanen dira sua piztuko dutenak. 20:15ean ezpata dantzarien entsegua suaren inguruan eta txistulariak. 20:30ean herri afaria izanen da, norberak eramandakoarekin. 21:30ean Bizphiru Pelau taldearekin dantzaldia. Ogitartekoak eta edaria egonen dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez dira suaren inguruan gerta daitezkeen istripuen arduradun izanen eta su handia 9 urtetik goitikoentzat izanen dela oroitarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun