Ibardingo Igoeraren VIII. edizio eginen dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 5a, 11:00

Ziharka Sport automobilismo taldeak antolatuta, Ibardingo Igoeraren VII. edizioa eginen dute larunbatean, ekainaren 8an, Beran. Lasterketa puntuagarria izanen da Nafarroako mendiko txapelketarako eta Nafarroako junior mailako mendiko txapelketarako.

Goizean goizetik nabarituko da mugimendua herrian, 08:30ean hasi eta 11:30ak bitartean autoen egiaztapen tekniko eta administratiboak eginen dituzte Errekalde ostatuaren kanpoaldean. 12:30ean jakinaraziko dute lasterketarako onartutako ibilgailuen zerrenda, eta horien aurkezpena ere eginen dute. Ordu berean itxiko dute Bera eta Ibardin lotzen dituen NA-1310 errepidea.

13:30ean abiatuko da lasterketako lehen parte hartzailea eta 4,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko du Altzatetik hasi eta Ibardinera. Parte hartzaile guztiek beren lana bukatuta, Toki Ona institutuko patioan banatuko dituzte sariak arratsaldean.

Eguna bukatzeko afaria eginen dute Zalain jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun