10:00ean paratu zuten hitzordua, eta asmoa 10:30ean auzoz auzo joatea zen. Eguraldi txarrak, ordea, hasierako asmoak zapuztu zituen, eta dantzariak Eztegaran elkartu ziren. Bertan, talde guztietako haurrak elkarrekin dantzan aritu ziren txistularien doinuekin.
Hamaiketakoa egin ondotik, eta atertu zuela aprobetxatuta, karrikara atera ziren, eta frontoitik Altzateko karrikan barna Merkatu plazara joan ziren kalejiran. Bertan kanpoko hiru taldeetako haurrek emanaldi ttiki bat egin zuten. Ondotik, Matzadan barna Toki Ona institutuko estalpera joan ziren, eta bertan talde guztietako haurrek emanaldia egin zuten.
Bazkaltzeko kanpoko haurrak Berako dantzarien etxeetara joan ziren, eta ondotik, eguna borobiltzeko, 16:00etan Jaiki Hadi taldearekin mutxikoak eta bertzelako dantzak dantzatzeko aukera izan zuten.
Gure Txokoa Dantza Taldeko haurrek hurrengo emanaldia Altzateko bestetan eginen dute.