Argindarraren faktura ulertzeko tailerrak antolatu ditu BixtuBerak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 3a, 16:30

BixtuBera Energia Komunitateak argindarraren faktura ulertzeko tailerrak antolatu ditu  hurrengo bi ortzegunetan Beran. Lehenbizikoa ekainaren 6an izanen da, 18:30ean, Beralandetan, eta euskaraz emanen da. Bigarrena, berriz, ekainaren 13an izanen da, 19:30ean, gaztelaniaz, eta hau ere Beralandetan.

Merkatu elektrikoa ulertzeko gakoak emanen dira hitzaldian, eta ondotik, etxeko faktura elektrikoa ulertu eta energia aurrezteko eta kontsumo arduratsua egiteko aholkuak emanen dira. Bonu sozialaren abantailez ere informazioa emanen da. Nahi duenak etxeko faktura eraman ahal izanen du, zalantzak argitu eta aholkuak hartzeko.

BixtuBerak bere zereginen artean du herritarrak energia-gaietan kontzientziatzea eta inplikaraztea, bai eta energia oinarrizko eskubidea dela aldarrikatzea ere, enpresa handiekiko mendekotasuna gutituz. Energia-kontsumo arduratsua eta jasangarria sustatzeko bidean antolatu dira tailerrak, eta harreraren arabera, aitzinerago zerbitzua modu iraunkorragoan emateko aukerak aztertuko ditu kooperatibak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun