Ekainaren lehenengo asteburuan ospatu da Etxalarko XXXI. Gasna eta artisau feria. Ardi zakur lehiaketarekin eman zitzaion hasiera asteburuari. Lehiatu ziren lau zakurren sailkapena honela geratu zen: Txapelduna Kortariko Bordako Julen Arburua izan zen Ipar zakurrarekin. Hauek 40 puntu eskuratu zituzten, lanak 6 minutu eta 25 segundotan eginda. Sailkapenean bigarrena Roger Jauretche izan zen 36 punturekin, Pop zakurrak lanak 7 minutu eta 18 segundotan egin baitzituen. Hirugarren postuan Marzel Hualde geratu zen; 35 puntu eta 13 minutu eta 4 segundoko denborarekin. Laugarren sailkatua Aresoko Antonio Alustiza eta Ttiki zakurra. Hauek 20 puntu eta 14 minutu eta 24 segundoko denbora behar izan zuten. Hauek izan ziren egin beharreko lanak: Ardirik gabe zakurra ikurrinaren ondora eraman; ardiak artzainaren ondora ekarri eta artzainak ardi bati joarea kendu, bertze bati ainarra kentzea eta kopeta markatua zuen ardia hartu eta etzanda jartzea; ardiak ezkerreko edo eskuineko pasabidetik pasaraztea eta azken proba ardiak kortxelera sarraraztea. Azken lan hau egiteko 7 minutu zituzten, eta aipagarria Julen Arburua eta Ipar zakurrak minutu eta erdiz egin zutela beraien lana. Sariak txapeldunarentzat txapela, makila, zakur guztientzat pentsua, herriko produktuekin osatutako lotea eta eskupekoa izan zen. Lana epaitzen herriko artzainak aritu ziren: Esteban Danboriena eta Jon Azkarraga. Artaldeak berriz, Urtsua baserrikoa eta Lekueder baserrikoak.
Egunari akabera emateko, herriko dantzari, musikari eta kantarien ikuskizuna izan zen frontoian. Herriko kondairetan murgilduz, hainbat etxalartarren eskutik jasoak diren istorioak entzuteko aukera izan zen dantza, kantu eta doinu alaiz lagunduta.
Igandean izan zen egun nagusia eta goizetik 30 artisau postutik gora izan ziren ikusgai plaza eta frontoian. Horrez gain, baserriko tresna zaharren erakusketa Iriondoan, eskulan ikastaroko lanak eskola zaharretan, trikitilariak eta herriko ardi moztaile zahar eta gazteen eskutik ardi mozte erakustaldia izan ziren. Eguerdian egin zen XXXI. Altxata gasna lehiaketako sari banaketa. Honela geratu zen sailkapen nagusia: Irabazlea Jorge Arizaleta Etxalarko Ursua baserrikoa (trofeoa eta 150 euroko saria); bigarren postuan Lesakako Otxuneko Agoitz Alzugarai (trofeoa eta 120 euroko saria) eta hirugarren postuan Pello Pegnegui Orabidekoa (trofeoa eta 90 euro). Herriko gasnagileak ere saritzen ditu Altxatak lehiaketa honetan eta Urriti baserriko Axun Ozkariz izan zen lehenengoa (trofeoa eta 70 euro ) eta Juanamari Arburua bigarrena (trofeoa eta 50 euro). Bankako menditarrek girotutako bazkariarekin eman zitzaion amaiera asteburuari. Eguraldia lagun, jende andana ibili zen asteburu guztian zehar.