Lesakako Beti Gazte elkarteak, Lesakako udalaren laguntzarekin, Beti Gazte Astea antolatu du aurten ere eta hainbat ekitaldi gauzatzen ari dira aste honetan, argazkietan bildu ditugunak.
Hasteko, maiatzaren 27an, astelehenean Benjamin mailako futbol torneoa jokatu zuten Mastegin.
Maiatzaren 29an, asteazkenean, alebinen futbol torneoa jokatu zuten.
Maiatzaren 30ean, ortzegunean, haurrentzako bizikleta ginkana egin zuten Harriondoa kultur etxeko atarian.
Mapak ulertu eta nola erabili ikasteko tailerra ere egin zuten Beti Gazte elkartearen egoitzan, Jose Ignacio Murua Elizondo topografoaren eskutik.
Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketen sari banaketak gaur
Maiatzaren 31n, ortziralean, 17:00etan herri kirolak ezagutzeko saioa izanen da haurrentzat. 17:30ean, mutiko infantilen eta neska kadete-infantilen arteko partida jokatuko dute Mastegin. 19:00etan Ezagutu Dezagun Lesaka eta Lesakako Bitxikeriak lehiaketetako sari banaketa eginen dute. Dagoeneko ezagutzera eman dituzte Lesakako Bitxikeriak lehiaketako saridunak zein diren. Honela, lehen saria (lau lagunentzako otordua Kasinon) Aloña Etxarte Telletxeak lortu du; bigarren saria (Lesakako komertzioetan gastatzeko 100 euroko txartela) Izaskun Igoa Zigandak eta hirugarren saria (Otxuneko gazta bat) Jasone Telletea Maritxalarrek. Parte hartu dutenen artean Otxuneko gazta bat zozketatu dute eta Mari Lourdes Ayneto Telletxeari egokitu zaio.
Ekaineko lehen asteburu emankorra
Beti Gazte Astearen barrenean azkeneko ekitaldiak ekaineko lehen asteburuan eginen dituzte.
Ekainaren 1ean, larunbatean 08:00etan mendi irteera izanen da plazatik. 10:30ean futbol partidak. 14:30ean bazkari herrikoia Beheko Plazan. Ondotik bingoa eta haurrentzako puzgarriak. 19:00etan DJ Fifi&Fefa Beheko Plazan.
Ekainaren 2an, igandean, argazkilariak eta margolariak ikusiko ditugu herriko txokoetan. Alde batetik, Elias Garralda XI. Margo Azkarreko lehiaketa antolatu du Beti Gaztek, udalarekin eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean. Lehenbiziko saria 750 eurokoa izanen da, bigarrena 400 eurokoa eta herritar baten margolan onenak 200 euro jasoko ditu. Haur Margolarien Eguna ere izanen da eta, adinaren arabera, hiru kategoriatan banatuko dituzte lehiaketara aurkeztuko diren haurren lanak. Maila bakoitzean margolan onena sarituko dute. Sari banaketa 18:00etan eginen dute.
Bertzetik VIII. Argazki rally-a ere izanen da. Izen-ematea 09:00etatik 10:00etara egin daiteke (bazkide eta 16 urtetik beheitikoek doan, gainerakoek 5 euro) eta argazkiak 14:00 arte atera daitezke. Lanak aurkezteko epea ekainaren 8an bukatuko da, argazkilaritza@betigazte.net helbidean. Rallyaren hasieran jakinaraziko dituzten bortz gai proposatuko dituzte eta gai bakoitzeko irabazleak 100 euro jasoko ditu, bazkide baten argazki onenak bezalaxe. Gainera, 150 euroko saria izanen da bilduma onenarentzat.
Igande eguerdian Beti Gazte Kantari ibiiko da herriko karriketan eta 18:30ean Lerro-dantzen emanaldia Plaza Zaharrean.
Lesakako XVI. Mendi Itzulia ekainaren 9an
Beti Gazteren Asteko ekitaldien ondotik, Lesakako XVI. Mendi Itzulia ere antolatu du Beti Gaztek ekainaren 9an. Bi ibilbide izanen dituzte aukeran eta izena eman daiteke www.mendizmendi.com webgunean.