Ohi bezala, ekaineko lehenengo asteburua bete betea izanen da Etxalarren. Ekainaren 1ean, larunbatean, 18:00etan Etxalarko V. Ardi zakur lehiaketa eginen dute errota pareko zelaian. Punta puntako lau zakur ariko dira beraien lana ahalik eta hobekien burutzen: Roger Jauretche Baigorrikoa Pop zakurrarekin, Marzel Hualde Aldudekoa Sua zakurrarekin, Antonio Alustiza Aresokoa Ttiki zakurrarekin eta Julen Arburua Orabidekoa Ipar zakurrarekin.
Gasna lehiaketa igandean
Ekainaren 2a, igandea, izanen da Altxatak antolatutako egun handia. Goizean trikitilariek karrikak alaituko dituzte, Iriondon baserriko lan tresna zaharren erakusketa izanen da eta Eskola zaharretan Etxalarko eskulan ikastaroko lanak ikusgai egonen dira. Frontoian, berriz, 10:00etatik 11:00etara lehiaketako ardi gasnen harrera eginen dute. 13:30 arte Euskal Herri osotik etorriko artisauen postuak eta salmenta izanen da plazan eta frontoian. 13:30ean XXXI. Eskualdeko Ardi Gasna Lehiaketako sari banaketa eginen da eta, gero, Bankako kantariek girotutako herri bazkaria.