Banatu dituzte Baztan-Bidasoko bertsopaper lehiaketako sariak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 25a, 08:00

Atzo egin zuten Berako Kultur Etxean Baztan-Bidasoko XXXVII. Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Maila nagusian azken bi ediziotan bezala aurten ere Eneko Fernandezek irabazi du. Sari guztiak Bortzirietan gelditu dira.

Atzo banatu zituzten Berako Kultur etxean Baztan-Bidasoko XXXVII. bertsopaper lehiaketako sariak. Denera lau kategoriatan banatu dituzte lanak, eta kategoria bakoitzean bi saridun izan dira. C kategorian, aldiz, epaimahaiak aipamen bat ere ematea erabaki du.

Sariak banatzearekin bat, irabazleek beren bertso sortak kantatu zituzten publikoaren aitzinean, eta bertso eskolako ikasleek antzerkitxoak eta bapateko bertso saioa ere egin zituzten, oinak emanda.

Denera 76 bertsopaper hartu dituzte, eta hauek izan dira 9 saridunak. 

A mailan, 2013an edo ondotik jaiotako haurrek parte hartu dute eta Berako Izadi Lasaga Agirrek  eskuratu du lehen saria Poza bertso sortarekin. Bigarren saria Lesakako Olhain Plaza Maiarentzat  izan da Gernikako puzlea lanagatik. Lehen sariak garaikurra eta 50 euro jaso ditu eta bigarrenak garaikurra eta 30 euro. 

B mailan, 2010etik 20012ra sortutako gazteak saritu dituzte eta Berako Enaitz Zestau-Telletxearentzat izan da lehenengo saria, garaikurra eta 100 euro Korrika lanagatik. Bigarren saria Lesakako Maialen Ormaetxea Errok lortu du Zalantzak lanagatik. Sari gisa 70 euro eta garaikurra lortu ditu.

C mailan, 2006tik 2009ra jaiotako gazteetan, bi sari eman beharrean, hiru sari ematea erabaki du epaimahaiak. Lehen postua Kattin Madariaga Apaolaza aranztarrak lortu du Potola baten bizitza izeneko sortagatik. 150 euro eta garaikurra jaso ditu sari gisa aranztarrak. Bigarren postuan Igantziko Luken Urtxegi Urrak aurkeztutako Topagune lana saritzea erabaki dute epaileek. 120 euro eta garaikurra hartu ditu saritzat.

Kategoria honetan, gainera, Iraun Zestau-Telletxea beratarra ere saritzea erabaki dute. Lau urtaroak izeneko lana aurkeztu du eta aipamena eman diote. 

Helduen mailan, D mailan, azken urteetan sariketa irabazi duen Eneko Fernandez Maritxalarren lana saritu du epaimahaiak aurten ere. Zuria beltz, beltza zuri izeneko lanagatik garaikurra eta 150 euroko diru saria jaso du Lesakako bertsolariak. Bigarren saria ere Lesakara joan da, eta Ane Telletxea Igoak irabazi du. Hor gu izeneko sortagatik 150 euro eta  garaikurra jaso ditu saritzat. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun