Elutxa txarangak ‘Ttak’ diskoa aurkeztuko du maiatzaren 24an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 23a, 10:00

Elutxa txarangako musikariek astelehen goizean Lesakako plazan ateratako argazkia, Bergarako bestetako kuadrillen egunera abiatzeko prest.

Ortziralean 20:00etan eskainiko dute emanaldia Koxkilla ostatuaren atarian

Ttak diskoa karrikaratu du Lesakako Elutxa txarangak. Hamaika urteko ibilbidea hamaika piezarekin borobildu dute, hamaika bizipen eta herritan jotako musikaren laburpen. Diskoaren aurkezpena maiatzaren 24an, ortziralean 20:00etn eginen dute, Lesakako Koxkilla ostatuaren atarian eginen duten emanaldiarekin.

Diskoaren eta txarangaren ibilbidearen berri jakiteko, hasieratik taldekidea den Amaia Telletxea Mendigutxiarekin izan gara.

Hamargarren urteurrenaren inguruan hasi zineten diskoa prestatzen, baina hamaika urte egin dituzuenean karrikaratu, hamaika piezarekin…

Gaur egungo denboretan ohikoa den bezala, hamaika istoriotan sartuak gaude denak eta zaila izaten da edozein gauzarako tartea ateratzea. Halere, diskoaren produkzio osoa hamargarren urteurrenak iraun duen bitartean egitea lortu dugu. Esperientzia hagitz polita izan da eta urteetan Elutxatik pasatako hainbat musikarik eta kolaboratzailek parte hartu dugu.

Zergatik ‘Ttak’?

Disko barrualdean azaltzen dugun moduan: xirripi-xarrapa, ttipi-ttapa, hala-nola, han-hemen, hau ta hori ta hura, Elutxa Txarangak hamar, eta hamaika, urte. TTAK. 16- 19 urte artean genituen taldea osatu genuenean, fundamentu eta ezagutza handiegirik gabe, baina ilusioz beterik ginen. Pixkanaka, xuabe-xuabe, urteak pasatzen joan dira, egoerak aldatzen: batzuei musikaren afizioak gogor hartu die eta profesionalak egin dira, bertzeak bertze lanbidetan hasi gara, taldekide batzuk joan zaizkigu eta bertze batzuk etorri, batzuetan ia zerotik hastearen sentsazioa izan dugu, pandemia medio… Azkenik, kontu bat eta bertze, ttipi-ttapa, ia espero izan gabe, 10 urte bete ditu Elutxak. Hortxe gure diskoa: Ttak.

Non edo nola eskura daiteke diskoa?

Dagoeneko salgai dago hainbat herrietako establezimenduetan: Telletxea, Iturbena, Zialdo eta Arranon Lesakan; Botxo, Errekalde eta Mendiko Bentan Beran; Ameztia eta Santander banketxean Donezteben; eta Albaikide bulegoan eta gasolindegian Elizondon. 10 euritan saltzen dugu. Guk diskoa erostea gomendatzen dugu, diseinua, liburuxka, testua… balio handikoak direlako, Baina plataforma digitaletan ere eskuragarri dago: Spotify, Apple Music, Youtube…

Txarangako musikarekin batera, ahotsa ere sartu duzue zenbait piezatan… Hori berezia da, ez?

Lau kantetan sartu dugu ahotsa, hainbat arrazoi medio. Alde batetik, Altsasuko Kalez kale peñako lagunei oparitu genien ereserkiak, baita gureak ere, letra dutelako. Bertzetik, gure ustez diskoa aberasten duelako txaranga soinuaren monotonia noizean behin hautsiz. Eta azkenik, Egoitz Telletxeak diskorako espresuki eginiko Kankatzen kanta grabatzeko, Kanka Rock taldearen abeslaria zen Jabier Fagoagaren kolaborazioa bai edo bai sartu nahi izan dugulako.

«Ahotsa noizean behin sartzeak txaranga soinuaren monotonia hausten du»

Hamaika urte hauetan hamaika bizipen izanen dituzue… Kontatu daitekeen anekdota berezi edo xelebreren bat? Eta ahazteko modukoren bat?

Ez dakit kontatzeko modukoa den eta gogoratzeko edo ahaztekoa den, baina xelebrea behintzat bai: Hasierako urte haietan deitzen ziguten leku guzietara joateko gogoa genuen, bai edo bai. Beti baietz erraten genuen, nahiz eta jendez edo errepertorio/mailaz eskas ibili. Unanu herriko bestei hasiera emateko deitu ziguten batean baxurik gabe geunden aurreko egunean: ez bonbardino, ez tronboi, ezta helikoirik ere. Nolabait Lesakako bandako musikari bat engainatu eta eramatea lortu genuen. Hamar pertsonako taldea azaldu beharrean (normala den bezala), zazpi agertzea zen gure plana. Dagoeneko drama gutti ez bagenu, berandu abiatu ginen Lesakatik, instrumentuak hala nola kotxeetan banaturik genituela. Bidetik kotxe bat galdu genuen, GPS-an bertze herri bat paratua zutelako. Zuzen zihoan kotxea, musikari batek neurriko galtza txuriak erosteko desbideratu behar izan zen. Hantxe agertu ginen, eguerdiko 12:00ak aspalditxo pasatuak Unanuko plazan bortz lagun eta lau instrumentu. Azaldu ginenen artea Lesakako bandako kidea zegoen. Ez da berriz gurekin jotzera etorri… 

Hamaika urtez hamaika herritara ailegatu izanen zarete… Zein da oroitzapen onena uzten dizuetena, edo inoiz hutsik egiten ez duzuena…

Beti ibili gara inguruko herrietan gehienbat, txarangarekin edo gabe, edozein modutan joanen ginen bestetan: Bortzirietan, Malerrekan, Sara inguruan… Beraz, oroitzapen onak izaten ditugu, ia denetan, gure inguruko jendearekin egoten baikara. Urtero huts egiten ez dugun hainbat herri ditugu: Donostia, Doneztebe, Etxalar, Altsasu, Legazpi, Lesaka…

Beti Euskal Herrian ibili zarete edo Euskal Herritik kanpo ere jo duzue?

Irteera xelebreren bat izan dugu noizbait Euskal Herritik kanpo, baina normalean gure inguruan ibiltzen gara. Behin Lleidako Vall D’Araneko Les herrira joan ginen bestetan. Han ez dute txaranga ikusi eta aditzeko ohiturarik, eta behar bada, ezta besta guk egiten dugun moduan egitekoa ere. Egun batean bakarrik ia famatuak bilakatu ginen herrian, bestaren zentroa. Denetik egin genuen, musika jo, dantzatu, kantatu, akordeoia atera… eta gauza gehiago! (kar, kar…)

Zenbat lagunek osatzen duzue txaranga? Hasierako taldetik zenbatek segitzen duzue?

Hamabi lagunek osatzen dugu txaranga modu egonkorrean orain, eta txanda batzuk egitera etortzen diren bizpahiru ohiko pertsonek ere aunitzetan parte hartzen duten gurekin. Hasiera-hasiera hartako taldetik Joseba Bertiz, Julen Suarez eta nik bakarrik jarraitzen dugu. Halere, zazpi-zortzi urte daramatenak ere badira.

Uda garaia izaten da potenteena zuentzat. Urdazubin hasi zarete, Berako Gazte Eguna, Bergara… maiatzean. Nola datoz hurrengo hilabeteak? Zenbat herritan jo dezakezue uda batean?

Behin neguko denboraldia itxita: feriak, Eguberriak, danborradak, inauteriak… udako denboraldiarekin hasten gara apirila-maiatzetik aitzinera. Aurten Urdazubiko bestak eta Berako gazte egunarekin hasi dugu denboraldia eta hainbat irteera ditugu itxita: Bergara, Itsasondo, Doneztebe, Lesaka, Ituren, Elizondo, Labaien, Sunbilla, Etxalar, Altsasu, Arrasate… Ez dugu inoiz kontua eraman eta ez dakigu errekorra zenbatetan izanen dugun, baina beti antzeko ibiltzen gara: 10–15 herri eta 20–30 egun tartean ibiliko gara udako denboraldi batean.

«Uda garaian beti 10-15 herritan jotzen dugu, 20-30 egunez»

Jendeak badu txarangaren gibeletik dantzan karrikaz karrika ibitzeko ohiturarik edo gero eta guttiago? Edo herriaren arabera? Non izaten duzue estimaziorik handiena?

Herriaren arabera eta/edo egunaren arabera txarangak segida gehiago edo guttiago izaten du. Badira momentu puntual batzuk bestetan txarangak garrantzia handia hartzen duena: Lesakako peñen jaitsiera, Etxalarko Asau eguna, Donostiako danborrada eguna, herri aunitzetako txupinazoak… Horrez gain, badira herri batzuk txaranga beti jarraitzen dutenak. Malerrekako herrietan, orokorrean, aunitz gustatzen zaie txaranga gazte zein helduei. Bertze hamaika urterako

Aunitz zabaltzen ari da elektrotxaranga formatua ere, baina zuek txaranga tradizionalaren estiloa segitzen duzue, nahiz eta berrikuntzak sartu…

Elutxa ez da elektrotxaranga momentuz, baina batek daki zer pasako den! Bi estilo hauek, nahiz eta antzekoak direla iruditu, formatu ezberdinak dira. Elektrotxarangek, nahiz eta mugikorrak izan, kontzertuak eskaintzen dituzte. Txarangak aldiz ez ditugu kontzertuak eskaintzen, besta giroak musikaz alaitzen ditugu. Formatu ezberdina da.

Hamaika urte bete dituzue, orain diskoa… Bertze hamaika urterako soka gelditzen zaizue? Etorkizunera begira zein asmo dituzue?

Nik behintzat ez ditut bertze hamaika eginen, hori seguru. Baina nahiko nuke Elutxak eginen balitu. Lesaka eta inguruko herrietarako musikari harrobi ederra dela uste dut. Gure inguruko gazteen artean musika ikasteko eta hainbat instrumentuetan trebatzeko motibazioa eta bidea izan da urte guzti hauetan, musikari munduan hasteko lehen pausua. Hainbat talde eta musikari osatu gara Elutxan. Musika talde ttiki bat bagara ere, guretzat lorpen handia izan den proiektua da Elutxa. Beraz, nahiz eta noizbait taldea utzi, beti egonen naiz Elutxa laguntzeko prest, musika aldetik eta gestio aldetik.

«Hainbat musikari eta talde trebatu gara Elutxa txarangan»

Bertzerik?

Berriz ere diskoko gaiari helduta, azaldu nahi genuke nola osatu dugun errepertorioa, diseinua eta abar. Lan honen bitartez taldearen pertsonalitatea islatu nahi izan dugu, mimo handiarekin, baina handikeriarik egin gabe, gure neurriko piezak grabatuz. Nahiz eta momentu honetan baditugun Bera, Doneztebe eta Elizondoko musikariak, Elutxa Txaranga Lesakan sortua eta garatua da eta diskoa ere horrela egin nahi izan dugu. Kanta eta moldaketa guziak lesakarrek idatzitakoak dira, taldeko kideak batzuk eta gure bidean lagundu diguten musikari batzuek idatzitakoak bertzeak. Diskoa hasten duen kantuak, gure ereserkiak, Lesakako sanferminetan hain ezagunak diren Iria eta Napoleones kantei keinua egiten die. Diskoa ixten duen kantuak berriz, hain ezaguna egin zen Kanka Rock taldeari tributua egiten dio.  Diskoaren diseinua ere Lesakan sorturikoa da eta gure arteko giroa zein Lesakako besten giroa irudikatzen du. Ongi begiratuz gero azalean erraldoiak, ezpata-dantzariak, Fraindarrak, blusak… aurki ditzakegu. Behin diskoa kanpoan genuela proiektuan zeharka parte hartu duen lagun batek erran zigun bezala, disko hau lesakarrismoaren alarde gisa uler daiteke.   Eta ez nuke elkarrizketa bukatu nahi eskerrak eman gabe: Mila esker bihotzez Pello Etxebesteri, Egoitz Telletxeari, Javier Fagoagari eta Jon Zabaletari. Zuek gabe ezinezkoa izanen litzateke disko hau grabatu izana.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun