Sukaldaritza tailerra antolatu du Lesakako San Fermin jubilatuen elkarteak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 23a, 09:00

Elbeteko Posadako Belen Urrutiak bestei begira lau menu egiten erakutsiko du tailerrean.

Maiatzaren 27an eta ekainaren 3an eginen dute, Elbeteko Posadako Belen Urrutiaren eskutik

Sukaldaritza tailerra antolatu du Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Maiatzaren 27an eta ekainaren 3an, datozen bi astelehenetan 16:00etatik 19:00etara emanen du Belen Urrutia Uhalde, Elbeteko Posadako sukaldariak, Arkupe elkartean.

Txartela erosteko azken eguna maiatzaren 25a, larunbata izanen da, jubilatuen ostatuan. Toki mugatua izanen da eta bazkideek lehentasuna izanen dute. Bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 30 euro.

Tailerrean, bestei begira lau menu landuko dituzte, lehen platerak, bigarren platerak eta postreak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun