Bortzirietako kultura eta hizkuntza aniztasunaren besta ospatuko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 22a, 11:30

Hizkuntza eta kultura aniztasunaren besta antolatzen ari diren herritar taldea.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasun besta antolatu du larunbaterako. Beran izanen da, Toki Ona Institutuko patioan dagoen estalpean. Duela urte batzuk Beran egiten zuten Mugarik Gabe besta hartu dute oinarri aurtengoa prestatzeko.

Ekitaldi guztiak arratsaldez izanen dira. Hasteko, 17:00etan, Berara bizitzera berriki etorri diren herritarrei gonbidapena bidaliko zaie herriko etxean eginen den ekitaldira joan daitezen. Udalean harrera eginen zaie eta ondotik bisita gidatua eginen dute herrian barrena, besta gunean bukatuz. Gero, 18:30ean, dantza tailerra izanen da Gure Txokoa Dantza Taldeko dantzariekin, eta, segidan, 20:00etan, gastronomiaren txanda izanen da. Horretarako, antolatzaileak hasiak dira herritar eta elkarteekin biltzen: gonbidapena eginen diete jatorrizko herrialde edo kulturako jaki goxoren bat prestatzeko, edo pintxo goxo batzuk prestatzeko. Edozein modutara, bestan parte hartzeko ez da deus egin beharrik, aski da bertaratzearekin eta besta giroaz gozatzearekin.

Bereziki, jatorrizko bertze hizkuntza eta kultura duten herritarrei ikusgarritasuna eman nahi zaie. Hartara, hala nahi badute, eurentzat kuttuna den kanta bat aukeratzea eskatuko zaie, jatorrizko hizkuntzan eta euskarara itzulita egonen dena. Kanta guztiekin zerrenda osatuko dute, baita besta gunea girotzeko baliatuko ere, euskal kantuekin batera. Bukatzeko, 21:30ean, La Jodedera taldearen kontzertua izanen da.

Lanketa sakona

Iazko urrian izan zuen ernamuina larunbateko bestak. Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimenez, herritar talde bat elkartzen hasi zen, honako helburu hauen bueltan: etorri berrien harrera, integrazioa eta aniztasunaren gaiak elkarlanean lantzea, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarrek elkar ezagutzea eta sentsibilizatzea, eta Bortzirietatik kanpoko jatorria duten herritarrei euskara hurbiltzea. Geroztik elkartzen segitu dute, eta elkar ezagutza sustatu eta hizkuntza zein kultura aniztasuna balioan jartzeko, besta eguna antolatzea erabaki zuten.

«Pausuak eman behar ditugu gure inguruan ditugunek euskara jaso eta ezagutzeko»

Patxi  CASTILLO

Bestaren gibelean lanketa sakona dagoela azaldu du lantaldeko parte eta Mankomunitateko ordezkari den Patxi Castillo beratarrak: «Kultura eta jatorri anitzetako pertsonak bizi gara Bortzirietan eta denek dugu hemen lekua. Maiz gertatzen zaigu bakoitza bere inguruan, bere giroan zentratzen dela, bere jendearekin, eta ez dugula gure bizilaguna ere ongi ezagutzen, eta ez dakigula haren kulturaz, haren hizkuntzaz gauza handirik. Elkargune honetan, elkarrengana hurbiltzeko helburua jarri nahi dugu mahai gainean, kanpotik Bortzirietara etorritakoak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko, eta alderantziz ere bai, bertan bizi garen bortziritarrak gure bizilagunen kulturak ezagutzeko aukera mahai gainean jartzea».

Iaz hasita, hasieran hilabetero eta ondotik hiru astetik behin, ibili dira elkartzen lan taldeko kideak. Castillok azaldu duenez, mankomunitateko kideak, euskaltegian ikasten ari diren etorkinak, ikastetxeetako ordezkariak… ibili dira hasieran, eta abenduan Beran egindako Bidasoa dokumentalaren ondotik, bertze kide batzuk ere hurbildu dira lan taldera. «Bortzirietakoak gara orokorrean, hemen sortuak edo kanpotik etorritakoak, euskaldunak zein ez direnak, ama hizkuntza euskara dutenak zein ez dutenak… denen topagune bilakatu nahi dugu taldea, eta ateak irekita daude».

Bortzirietara kanpotik bizitzera etorritako herritarren inplikazioa sustatu nahi izan dute, eta horren adibide dira Alba Rodà eta Luz Celenia. Alba Rodà Kataluniatik ailegatu zen 2018an. Berez, pasabide gisa zuen Lesaka, baina herria «izugarri gustatu», eta geroztik bertan bizi da. Celenia, aldiz, Dominikar Errepublikakoa da eta 16 urte daramatza Beran. Inma Uranga beratarraren bidez ailegatu zen herrira, eta geroztik bertan bizi da. Familia ere pixkanaka inguruan bildu du, eta gaur egun bederatzi senitarteko bizi dira Beran.

Integraziorako tresna

Bortzirietako euskaltegiko ikasleak dira biak, eta euskaltegiaren bidez hartu zuten proposamena bestan parte hartzeko. «Mankomunitateko kideak nirekin harremanetan paratu ziren, eta baiezkoa erran nuen, ideia ona iruditu zitzaidan integraziorako eta jende berria ezagutzeko», azaldu du Celeniak. Rodàk ere euskaltegian izan zuen proposamenaren berri, eta animatu egin zen: «Beti dira interesgarriak horrelako ekimenak».

«Honat etorri nintzenean hagitz argi nuen euskara ikasi behar nuela, eta hori egin nahi nuela»

Alba RODÀ

Egunari begira, Rodàk aitortu du hasieran zaila izan dela taldea sortzea: «Denak lanpetuak gabiltza, eta lehen bileretan jende gutti elkartu ginen, eta kosta zitzaigun dinamika batean sartzea, baina pixkanaka taldea osatu eta poliki-poliki aritu gara». Celeniak azaldu duenez, batez ere ideiak lantzen aritu dira, eta bere kasuan esperientzia polita izan da, eta hizkuntzarekin ere «ongi» moldatu da. Larunbatera begira, «egun polita» izanen dela espero du, eta azken orduan bada ere, jendea parte hartzea animatzea.

«Harrera ona»

Urte batzuk daramatzate eskualdean bizitzen, eta Bortzirietako herritarren partetik izan duten harrera «hagitz ona» izan dela diote. «Niri egin didaten harreran oso-oso ona izan da. Egia da norberak ere ahalegina egin behar duela, baina uste dut Bortzirietako jendea beti izan dela harrera ona egitekoa», nabarmendu du Rodàk. Are gehiago: «Besta hau antolatzea bera seinale da bertakoek harrera ona egin nahi dutela. Ongi etorria egin nahi diete kanpotik etortzen direnei, ongi sentiarazi, bien arteko hurbilketa bat egin eta kultura elkar trukatu». Celeniak ere harrera ona izan du: «Jendeak ongi hartu nau eta ez dut ez arrazismorik ez bazterketarik sufritu hemen daramadan denboran. Ez da beldurrik izan behar baztertua sentitzeko.  

Euskara ikasten ari dira biak, eta hizkuntza jakitea bera integraziorako bide ere badela uste dute. Rodàk hasiera hasieratik ez zuen zalantzarik izan euskara ikasiko zuela. «Honat etorri nintzenean hagitz argi nuen euskara ikasi behar nuela, eta hori egin nahi nuela». Are gehiago, bertakoek hizkuntza jakitea «eskertzen» dutela dio. Celeniaren kasuan, aldiz, «bertako» sentitzeko ari da hizkuntza ikasten. «Lau urte daramatzat euskaltegian, eta dezente kostatzen ari zait, baina ez dut etsi!», aitortu du.

«Jendeak ongi hartu nau eta ez dut ez arrazismorik ez bazterketarik sufritu hemen daramadan denboran»

Luz CELENIA

Hizkuntza bada egitasmoaren mugarrietako bat, kanpotik Bortzirietara ailegatu direnak euskarara hurbiltzea. Bide horretan, komunitateen arteko elkarbizitza falta delakoan da Castillo: «Konturatzen gara euskara abiapuntu dugun bortziritarrok, akaso, ez ditugula gure inguruan ditugun bertze hizkuntzak ongi ezagutzen, eta beraz, bizilagun horiek ez ditugula behar  beste ezagutzen». Gehiago ere bai: «Euskararik gabe etorri diren bizilagun horiek hizkuntzarekin zer harreman duten jakin nahiko genuke. Guk Bortzirietako bortz herrietan euskaraz bizi nahi dugu eta pausuak eman behar ditugu gure inguruan ditugunek euskara jaso eta ezagutu dezaten».

Gastronomia protagonista

Rodàk zein Celeniak parte hartuko dute larunbateko bestan beren herrialdeko jakiak prestatuz. «Kataluniako elikagaiekin pintxoren bat prestatzen saiatuko naiz, hango jakiak hemen jada ezagunak dira, eta ea zer asmatzen dudan», azaldu du Rodàk. Gainera, bilkura, Bortzirietan bizi diren katalanak ezagutzeko aukera gisa ere ikusten du: «Badakit gehiago badirela, baina, ez ditut ezagutzen, eta uste dut aukera ona dela ezagutzeko, ea lortzen dudan!». Celenia ere bestaren parte izanen da, Dominikar Errepublikako gastronomia ezagutarazten ariko da bertako jakiak prestatuz, eta ziur da La Jodederarekin dantzan ere ibiliko dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun