Udalerri Euskaldunen Eguna jendetsua ospatu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 20a, 10:00

Iturenekin batera, Bakaiku, Lakuntza eta Zegama egin dira UEMAko kide eta 111 udal izatera iritsi da

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten larunbatean Lesakan, festa eta aldarrikapena uztartuz. Goizean UEMAren batzar nagusia egin zuten udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, eta eguerdian ekitaldi instituzionala ere izan zen Lesakako plazan, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin.

Horien babesarekin deialdi argia egin zuen UEMAko lehendakari Martin Aramendiren: «zubiek orube sendoak behar dituzte, alde batekoak eta bestekoak elkartzeko balio dute, auzolanean eraiki izan dira mendeetan zehar, eta harri bakoitzak du garrantzia. Guztiak elkartuta sortzen da zubia, auzolanean, eta horrela gainditzen dira oztopoak. Baita euskararen aurkako erasoak ere. Lesakan, badakizue zerbait zubiei buruz, eta irudi ederra da euskara eta udalerri euskaldunak zer diren islatzeko ere. Udalerri Euskaldunen Eguna bera ere zubia da, UEMA bezala: hanka bat euskalgintzan eta bestea erakunde publikoetan dugu, eta biak uztartuta ari gara lanean, auzolanean, zubigintzan».

 

Ituren ere UEMAko kide

Batetik, UEMAren batzar nagusia izan zen Lesakako Harriondoa kultur etxean. Euskal Herri osotik heldutako ehun bat alkate eta zinegotzi bildu dira bertan. Mankomunitatearen jardueraren baitako ohiko kontuez gain, Bakaiku, Ituren, Lakuntza eta Zegamako udalek UEMAko kide izatea eskatu da, eta baiezkoa emanda. Beraz, UEMA 111 udal izatera iritsi da. Guztien artean 346.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira udalerri euskaldunak, biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak.

 

Euskara taldeen topaketa

UEMA batzar nagusian zegoen bitartean, Lesakako Herriko Etxean euskara taldeen topaketa ere antolatu zen, euskararen aldeko olatu berria sortzeko gakoak aztertzeko. Horretarako, euskara taldeen lana ezagutzea eta elkarren berri izatea garrantzitsua iruditu zaie antolatzaileei, eta lan-saio praktikoa antolatu zuten Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren laguntzarekin. Hasieran gaur egungo egoeraren diagnostiko laburra azaldu zuten, eta ondoren erronka berriei heltzeko gakoak aztertu zituzten, saretzeko moduekin batera.

Ekitaldi nagusian, berriz, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan ziren. Bertzeak bertze, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendaria, Nekane Artola Ikastolen elkarteko lehendakaria, Martxelo Otamendi euskalgintzako kidea, Jon Abirl Elhuyarreko Koordinatzale nagusia, Elena Zabala Nafarroako Ikastolen elkarte lehendakaria, bertze hainbaten artean.

Josu Sanjurjo eta Maddi Ane Txoperena bertso kantari aritu ziren eta Tantirumairu euskal folklore taldeko dantzariek ere emanaldi polita egin zuten, Udalerri Euskaldunen Egunerako prestatutako Solasa izan kantuaren koreografiarekin bukatuz.

 

Euskal Herrian Euskaraz elkarteari omenaldia

Lesakako alkate Ladis Satrustegiren hitzen ondoren, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak urte askoan egindako lana aitortu eta omendu zuten UEMAk eta Lesakako Udalak. Horien ordezkari, taldea sustatu zuten Kontxi Erro eta Antton Erkizia bereziki omendu zituzten. Beraiek antolatu zuten Euskal Herrian Euskaraz taldearen lehen bilera Lesakan eta Kontxi Errok gogoratu zuenez, «Txillardegi izan zen taldearen motorra».

Ondoren, ekitaldian bildutako alkate, zinegotzi, euskaltzale, erakunde publikoetako ordezkari eta euskalgintzako eragileen babesarekin, UEMAko lehendakari Martin Aramendiak hartu zuen hitza, eta udalerri euskaldunak herri honen etorkizunerako giltzarria direla nabarmendu zuen: “«Etorkizun hori euskalduna eta sendoa izan dadin lanean ari gara aspaldidanik, eta gero eta zabalagoa da elkarlana, bai euskalgintzarekin, eta baita gainerako erakunde publikoekin ere. UEMA bera ere sendotuz doa. 33 urte bete dira lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zutenetik Aizarnazabalen. Egun hartan, 19 udalen artean UEMA sortu zuten. Gaur egun, berriz, 111 udal dira UEMAko kide, eta guztien artean, 346.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu”. Aramendiak adierazi duenez, ez da nolanahikoa urte hauetan guztietan egindako lana, eta aitzindarien ekarpena gogoratu du.

Ekitaldiaren amaieran, Udalerri Euskaldunen Egunerako sortutako abestia zuzenean jo zuten Lesakako hainbat musikariren artean, Tantirumairu dantza taldeko kideen koreografiarekin.

 

Bazkari herrikoiaren ondoren, ekitaldiz betetako arratsaldea

Behin ekitaldia amaituta, festa giroan murgildu zen Lesaka. Laster bazkari herrikoia egin zen frontoian, batetik eta bertzetik heldutako ehunka euskaltzalerekin.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako puzgarriak iazn ziren, bertso-triki poteoa Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin, Larrain dantza herrikoia, Lesakako gaiteroekin eta bukatzeko,  Trikidantz taldearen erromeria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun