AITATASUNA

«Haurrak ttikiak direnean eurekin egoteko probestu behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 19a, 09:00

Bi seme-alaba ditu Oiarzabalek.

Mikel OIARZABAL UBIRIA, Lesaka

«Haurrak gureak dira eta gure ardura da eurek zaintzea. Batzuetan, lanean ezin bada moldatu edo errazena hori delako, atatxiren eta amatxiren esku uzten dira, baina ardura gurasoena da. Niretzat garrantzitsua da eurekin ahalik eta denbora gehien egotea, eta esfortzu gutirekin aunitz lortzen ahal da». Halaxe aitortu du Mikel Oiarzabal Ubiria lesakarrak, eta horixe da berak egin duena.

«Bikotekidea lanean hasi zenean, bi aukera genituen: atatxi eta amatxi kargatu edo murrizketa eskatu», kontatu du Oiarzabalek. Bigarrena aukeratu zuten: «Egunero bi ordu murrizten nituen. Txandaka jarriz gero, nik aukeratzen nituen zein bi ordu hartu. Goizez baldin banintzen lehenagotik sartzen nintzen eta arratsaldez banintzen beranduago. Hartara eguerdia libre izaten nuen, haurrak ikastolatik hartu eta elkarrekin bazkaltzeko».

Gaur egun, berriz, haurrak koskortzen ari direnez [11 eta 6 urte], laneko ordutegia moldatua du: «Lehenagotik edo beranduago sartzen ahal naiz. Ohiko ordutegia 07:00etatik 15:00etara baldin bada, 06:00etan edo 08:00etan sartzen ahal naiz».

Aita arduratsu izatea «haurrekin egotea, eurez kezkatzea eta ardurak hartzea» dela adierazi du lesakarrak, eta aita izateko modua aukeratzen ahal dela uste du: «Norbere esku dago bere haurrekin zer jarrera hartu erabakitzea». Berak eta bere bikotekideak argi dute: «Gure kasuan, haurrekin ahalik eta gehiena egoten saiatzen gara. Adin bat ailegatzean, aio erraten dizute, euren gisa ibiltzen dira eta ez dira zurekin egoten arratsaldeetan. Hortaz, eurekin egoteko bertze tarteak bilatzen saiatzen gara, adibidez, eguerdietan elkarrekin bazkalduz». Hala ere, jakitun da denek ez dutela halako aukerarik: «Guraso guziek goizeko ordutegia izatea, hau da, haurrak eskolan daudenean lan egitea, zaila da. Lanaren arabera, haurrekin gehiago edo guttiago egoten ahal zara».

Berdintasuna hizpide hartuta, onartu du «gure kasuan haurrek atta baino gehiago erraten dutela ama, nahiz eta ni ere hor nagoen». Baina aitaren papera aldatzen ari dela gaineratu du: «Orain dela urte batzuk aitak haurrekin ez ziren ia ikusten eta gauzak aldatzen ari dira. Gehienetan bi gurasoak lanean daude eta bien inplikazioa beharrezkoa da. Hori orekatzen ari dela iruditzen zait, baina gehiago egin beharko litzateke».

Oiarzabalek orain arteko bidetik segitu nahi du, aitatasunaz gozatzen, eta mezu hori zabaldu du: «Bakoitzak disfruta dezala ahalik eta gehien familiaz eta haurrez. Ttikiak direnean probestu behar dugu. Saiatuz gero, lortzen ahal ditugu eurekin egoteko tarteak eta azkenean, gusturago sentitzen zara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun