Amaia Prieto eta Ziortza Goia

«Aliantza feministak sendotzea beharrezkoa da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 18a, 08:00

Marrako Bortzirietako Neska* Gazte Taldeko kideak martxoaren 8an Beran egindako manifestazioan.. UTZITAKOA

Martxoaren 8an atera ziren karrikara lehenengoz, baina, denbora daramate lanean Marrako Bortzirietako Neska* Gazteen Taldeko kideek. Neska* gazteek dituzten zapalkuntzak erdigunean paratu nahi dituzte, eta espazio seguruak sortu nahi dituzte emakumeentzat*

Neska* gazteen subjektuari beharrezko protagonismoa emateko, eta beren aldarrikapen propioak karrikara ateratzeko sortu dute Marrako Bortzirietako Neska* Gazteen Taldea. Udazkenean hasi ziren elkartzen, azaroaren 30ean egin zen greba feminista orokorraren harira, eta martxoaren 8an atera ziren karrikara lehenengoz Beran egindako manifestazioan. Lanean segitzen dute, eta «besta eredu maskulinoaren» eta giro horretan egiten diren erasoen inguruko dinamika lantzen ari dira orain. Egindako bideaz eta hemendik aitzinera egin nahi dutenaz solastatu dira.

Marrako Bortzirietako Neska Gazteen Taldea sortu berri duzue. Nolakoa izan da sorrera prozesua?

Eskualdeko neska* batzuk Euskal Herriko neska* gazteen baterajotzera joan ginen eta hemen antolatzeko beharra zegoela ikusi genuen. Azaroaren 30eko greba feminista orokorra hurbil zegoela eta, bilera ireki bat egin genuen honen inguruan egiteko. Bilera horretan hainbat problematika identifikatu ondotik Bortzirietan neska* gazteak antolatzen hastea erabaki genuen.

Zergatik erabaki duzue Marrako sortzea?

Eskualdean feminismoa gazteon ikuspuntutik lantzea beharrezkoa delako.

Zein da Marrakoren helburua?

Emakumeontzat* espazio seguruak sortzea da gure helburu nagusia. Horrez gain, problematika gehiago identifikatu nahi ditugu begirada feminista bat emateko. Bertze aldetik, Bortzirietako gazteak, dauden arazoez kontziente izatea lortu nahi dugu.

Eta zergatik aukeratu duzue izen hori?

Gure eskualdearekin lotua dagoen hitz bat aukeratu nahi genuen eta hainbat ideia atera ziren. Azkenean, bozketa egin genuen taldekideen artean eta marrako izena aukeratu zen. Marrako, guk aunitz erabiltzen den hitz bat izateaz gain, marrakoa marka uzten duen zerbait da eta gu horretara heldu gara, marka uztera

«Emakumeontzat* espazio seguruak sortzea da gure helburua»

Amaia PRIETO eta Ziortza GOIA

Zenbat lagunek osatzen duzue Marrako eta zein da zuen lanerako dinamika?

Hamar lagun inguru gaude taldean, hala ere, jende gehiago elkartzea espero dugu. Lanerako dinamikari dagokionez, astean behin bilerak egiten ditugu, bai telematikoki baita presentzialki ere, kontuan hartu behar baitugu aunitzek kanpoan ikasten dugula eta asteburuak nahiko okupatuak ditugula. Dena den, gauzak antolatu behar izatekotan, martxoaren 8ko kasua bezala, astean bitan gelditu gaitezke.

Zeinek parte hartzen ahal du taldean?

Subjektu honekin identifikatzen den edozeinek parte hartzen ahal du Marrakon.

Neska* gazteen taldea da. Zergatik aukeratu duzue neska* gazteen subjektua?

Neskak* garen heinean eta gazte garen heinean, hainbat zapalkuntza pairatzen ditugu eta horregatik, antolatzen gara Euskal Herri osoan zehar neska* gazte taldeak. Hala ere, neska* gazte subjektu izenarekin borrokan parte hartzen duten guztiak ez dira identifikatuak sentitzen, horregatik barne eztabaida prozesu batean gaude izena aldatzeko.

Zein dira neska* gazteek pairatzen dituzuen zapalkuntzak?

Neska* gazte orok jasaten ditu emakumeok* orokorrean jasaten ditugun zapalkuntzak. Baina horri gaztetasuna eta gaztetasunak dakartzan ezaugarri estereotipatuak gehitu behar zaizkio.

«Nabarmenak dira gizonen arteko aliantzak eskualdean»

Amaia PRIETO eta Ziortza GOIA

Zein dira zapalkuntza horiek?

Alde batetik, bizitzaren esperientzia ezak dakarren mespretxua: 'Zer jakinen du honek' edota errandakoak berehalakoan zalantzan jartzea ere. Adibide garbia dira eraso matxista jasan duenari ematen zaizkion erantzunak: 'Ziur zaude edo ongi oroitzen duzu? edo kontziente zinen? edo erran diozu ezetz?' hitzez adierazitakoak.

Ezjakintasunari, era berean, gorputz ederraren eredua gehituko genioke. Edertasuna erakusteak dakartzan piropo deserosoak jasan behar izateak, eta tapatzean kurbarik ez ikusteak eragiten duen interes falta. Arropa gutti janztean gorputza sexualizatzen da eta gure errua dela leporatzea izaten da ohikoena. Ez al du norberak sexualizatzen bada gorputz oro? Bestan gizonek ukitzen gaituzte, lotsarik gabe. Hor zer erranen dugu? Gure ipurdi eta bularrak euren eskuetan jartzen ditugula nahita? Bertzalde, gorputz eredu perfektuari eusten zaio eta horrelakorik ez duenari egurra eman, zergatik ez duen bizi-ohitura osasuntsuagoak hartzen eta blablabla. Betikoa, azkenean.

Euskal Herriko Neska* Gazteen sarearen parte zarete. Nolakoa da Euskal Herriko bertze Neska* gazte taldeekin duzuen harremana gaur egun?

Sarearen parte gara eta Baztango Iñarrosi taldearekin biltzeko intentzioa dugu haien esperientziak ezagutzeko. Hala ere, taldea sortu baino lehen hainbat kide baterajotzean egon ginen eta Euskal Herriko hainbat taldetako jendea ezagutu genuen. Gutako batzuk, gainera, unibertsitateko ikasle* taldeetan ere parte hartzen dugu.

Eragin eremua Bortzirietara mugatu duzue. Nolako harremana duzue Bortzirietako bertze talde feministekin?

Martxoaren 8an elkarlanean ibili ginen eskualdeko bertze talde feministekin. Azkenean, borroka berdinaren parte gara guztiak eta aliantza feministak sendotzea beharrezkoa dela ikusten dugu. Eskertuta gaude eman diguten laguntza guztiarengatik.

Martxoaren 8an atera zineten plazara lehenengoz eta burukoak egiteko tailerra antolatu zenuten. Nolako harrera izan zuen?

Giro ederrean hasi genuen arratsaldea, musikak girotuta burukoak eginez, gero manifestazioan erabiltzeko.

«Zaintza lanetara bideratzen dugu gure bizitza»

Amaia PRIETO eta Ziortza GOIA

Manifestazioaren ondotik egindako irakurketan, zaintzaren auzian paratu zenuten fokua. Neska* gazte gisa, nola ikusten duzue zuek zaintzaren auzia?

Greba orokorra bitartean ahotsa eman zitzaion problematika honi, eta neska* gazte subjektu bezala oraindik gauza aunitz daude lantzeko. Azpimarratu beharra dago greba ondotik oraindik ere konspiratzen jarraitzen dugula eta dena ez zela azaroan bukaeran gelditu.

Eta neska* gazte gisa nola eragiten dizue zuei zaintzaren krisiak?

Hainbat eragin ditu neska* gazteongan zaintzaren krisiak. Zaintza lanetara bideratzen dugu gure bizitza: haurrak zaintzen egiten dugu lan, klaseetan lan taldeko ardurak banatzean ere eragiten du, baita ikasketak aukeratzeko orduan ere. Gainera, gure mutil lagunen eta gure lagun mutilen sostengu emozionala izan ohi gara.

Anaidiari erreferentzia egin zenioten manifestazioaren bukaeran egindako irakurketan. Nola ikusten dituzue zuen belaunaldiko gizonak berdintasunerako bidean?

Gizonen arteko aliantzak hagitz nabarmenak dira eskualdean. Gainera, gazteek kontzientzia falta dute eta ez dute interesik erakusten feminismoaren inguruan. Ezezagutza handia dagoela uste dugu, horrez gain, ez dituzte gertatzen diren gauzak ikusi nahi izaten. Hala ere, aldaketak ematen ari dira eta gure borrokak gizonen artean kontzientzia pizten segitu nahi dugu eta berain ikuskeran aldaketa handiago bat izatea espero dugu.

«Gonbita zabaldu nahi dugu borrokan parte hartzeko»

Amaia PRIETO eta Ziortza GOIA

Azken aldian aipatu izan da feminismoaren olatuekin bat, horren kontrako jarrerak ere gogortzen ari direla. Zuek ere nabaritu duzue eskualdean?

Nahasmen bat dagoela uste dugu. Jendeak feminismoak rolak trukatu nahi dituela uste du. Hau da, jendeak uste du feminismoa dela emakumeak gainetik jartzea, baina ez da hori. Ideia hauek eskualdera ailegatu direla nabarmena da eta horregatik jende aunitz borrokatik urrundu dela ikusten dugu.

Aitzinera begira, zein dinamika paratu nahi dituzue martxan talde gisa?

Hemen dagoen besta eredu maskulinoaren eta bertan ematen diren erasoen inguruko dinamika martxan jartzea erabaki dugu. Hala ere, dinamikari forma eman behar diogu oraindik.

Zer gaineratuko zenukete?

Gonbidapena zabaldu nahi dugu borroka honetan parte hartu nahi duen jende guztia guregana hurbiltzeko. Gure kantak erraten duen bezala, 'marrako batez zuregana ailegatuko gara'.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun