Lesakako Beti Gazte elkarteak maiatzaren 19rako antolatutako Salvador Yanci zenaren omenezko VIII Martxa Zikloturista bertan behera uztea erabaki du. «Horrelako ekitaldi bat aitzinera ateratzeko beharrezkoak diren baliabideak kontuan hartuta, urrutitik ez gara ailegatu esperotako parte-hartze minimora», dio elkartea oharrean. Horregatik beragatik, martxa ezegitea erabaki da.
«Ez da erabaki erraza izan, ilusioz eta gogoz prestatzen den ekitaldia baita martxa. Edonola ere, hausnarketarako baliatuko dugu egoera hau, aitzinera begira, probaren etorkizuna zein izanen den ikusteko, baita ongi eta gaizki egindakoak aztertzeko ere», adierazi du Beti Gazte elkarteak.
Lerro hauen bitartez eskerrak eta barkamena eskatu nahi dizkiete dagoeneko izena emanda zeuden txirrindulari guztiei, baita martxan boluntario gisa laguntzeko prest agertu diren guzti horiei ere. «Bertze ekitaldietan elkar ikusiko dugulakoan gaude».