Igandean mendi itzulia eginen dute Arantzan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 15a, 14:00

Duela bi urteko edizioan hartutako irudia, mendi itzulia hasi aitzinetik parte hartzaileak izena ematen.

Arantzako Mendi Itzuliaren XI. edizioa hartzeko azken prestaketekin ari da Ekaitza Elkartea. Internetez izena emateko epea ortzirale goizean itxiko dute, baina igandean bertan izena emateko aukera izanen da. Mendizaleek 27,9 kilometro eta 1.600 metroko malda duen ibilbidea egin beharko dute.

Mendizaleak 07:00etatik 08:00etara herriko plazatik aterako dira eta handik Itsaszelaita aldera joanen dira (515 m). Izu izanen da hurrengo tontorra (829 m) eta handik aitzinera, gainez gain, Ibintza (1.032 m), Ekaitza (1.042 m) eta Illurdi (1.075 m) zeharkatu beharko dituzte. Handik aitzinera maldan beheiti abiatuko dira eta eta Mairubaratzatik (750 m), Zepurutik eta Bulatxikitik pasatu ondotik herrira ailegatuko dira. Mendizaleek gehienez zazpi ordu eta erdiz osatu beharko dute itzulia.

Bidean lau kontrol puntu izanen dituzte: Izun, Ibintzan, Illurdin eta azkena plazan. Horrez gain, jatekoa eta edatekoa bortz puntutan emanen dute: Itsaszelaitan, Bagatxarren, Ekaitza aldean, Mairubaratzan eta bukaeran plazan. Osasun profesionalak ere izanen dira bidean, edozein momentutan behar den laguntza emateko. Bertzetik, antolatzaileek ez dute plastikozko edalontzirik banatuko.

Aitzinetik Internetez izen ematea aukera duela aste batzuk zabaldu zuten, eta ortzirale goizera arte izanen da horretarako aukera. Lotura honetan egin daiteke. Edozein moduz, egunean bertan, 06:30etik 08:00etara egiten ahal izanen da. Federatuek 13 euro eta federatu gabeek 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun