Maiatzaren 31ra arte ematen ahal da izena Bortzirietako udaleku irekietan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 15a, 20:00

Urtero bezala,  Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu. Izena emateko epea ireki dute dagoeneko eta maiatzaren 31ra arte egiten ahal da, online, lotura honetan. Helburu nagusia aisialdi giroan haurren artean euskararen erabilera sustatzea da, eta gainera, hezkidetza, kultur aniztasuna eta inklusibitatea ere landuko dituzte.

Udalekuen eskaintza 2012-2020 urteen bitartean jaiotako haurrei bideratua da. Bortzirietako udalerriren batean erroldatuek edota bertako ikastetxeetako ikasleak izan beharko dira haurrak eta udalekuak euskaraz direnez, parte hartzaileek D edo B ereduan ikasi behar dute.

Izen emateko epea bukatu ondotik plazak soberan izanez gero, Bortzirietan erroldatuak ez diren edota bertako ikastetxeetako ikasleak ez diren haurrak matrikulatu ahal izanen dira, baina ezinbertzeko baldintza izanen da D edo B ikas ereduetan matrikulatuak egotea. Hori egiaztatzea familiari dagokio.

Behar bereziak dituzten haurrentzako 3 plaza gordeko dira. Haur horiek begirale bana behar dutela erabakitzeko orduan osasun eta hezkuntza arloko profesionalek aurkeztutako txostenak hartuko dira aintzat. Adinari dagokionez, 15 urte bitartekoek parte hartzen ahal dute (2009-2020 bitartean jaiotakoek). Izen emana ahala beteko dira plazak.

Udalekuetako egutegia

Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin udalekuak uztailaren 1etik26ra biak barne izanen dituzte. 10:00-13:00 bitartean, eta asteka izena emateko aukera izanen dute. Lesakan, aldiz, uztailaren 15en hasi eta abuztuaren 30ean bukatuko dira, zazpi aste denera. Kasu honetan ordutegia 09:00-13:00ak artekoa izanen da, eta asteka apuntatzeko aukera ere izanen da. Uztailaren 25a eta abuztuaren 15a besta egunak izanen dira. Gainera, taldea osatzeko guttienez 15 haurrek eman beharko dute izena.

Herri guztietan herriko eskolan elkartuko dira, Beran izan ezik. Bertan Ricardo Baroja eskolaz gain, Labiaga Ikastolan ere ibiliko baitira haurrak. 

Prezioari dagokionez, Arantzan, Beran, Etxalarren eta Igantzin astean 15 orduko jarduna izanen dute, eta  ondoko prezioak izanen dira: 

  Aste 1 2 aste 3 aste 4 aste
Ume 1 22,50 € 45,00 € 67,50 € 90,00 €
2 anai-arreba (-%15) 38,25 € 76,50 € 114,75 € 153,00 €
3+ anai-arreba (-%30) 47,25 € 94,50 € 141,75 € 189,00 €

Lesakan, aldiz, astean 20 orduz elkartuko dira, eta hauek dira prezioak: 

  Aste bat 2 aste 3 aste 4 aste 5 aste 6 aste 7 aste
Ume bat 30,00 € 60,00 € 90,00 € 120,00 € 150,00 € 180,00 € 210,00 €
2 senide (-%15) 51,00 € 102,00 € 153,00 € 204,00 € 225,00 € 306,00 € 357,00 €
3 senide edo + (-%30) 63,00 € 126,00 € 189,00 € 252,00 € 315,00 € 378,00 € 441,00 €

Antolatzaileek azaldu dutenez, astebetez udalekuetara justifikatu gabe joaten ez direnek plaza galduko dute eta erreserban daudenei parte hartzeko aukera emanen zaie. Plaza galtzen duten familiek ez dute matrikularen dirua berreskuratzeko aukerarik izanen.

Behar bereziak dituzten familientzako prezioak: 

Behar ekonomikoak dituzten familiek prezio horien gainean % 50eko deskontua izanen dute izen emateko formularioan aukera hori markatzen badute.  Ondotik, hori egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu behar dute haurra matrikulatuta dagoen ikastetxean, eta mankomunitatean aurkeztu ekainaren 9a baino lehen

Izen ematea hemen egin behar da eta udalekuetako araudia hemen irakurtzen ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun