Bizikletarekin lotutako hainbat jarduera eraman ditu Lesakara Bizibide Enduro lasterketak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 14a, 11:30

Gaur arratsaldean Kalapie elkarteak solasaldia emanen du udaletxeko pleno aretoan

Maiatzaren 11n eta 12an jokatu da II. Bizibide Enduro lasterketa Lesakan. Hainbat txirrindulari aritu dira lehiatzen, baina konpetizioaz kanpo ere, bizikletarekin lotutako hainbat jarduera izan dira.

Joan den aste osoan bizikletaren txokoa izan zuten liburutegian eta ortzegunean Rumbo a Chokwé dokumentala eman zuten eta bideo-dei bidezko hitzaldia eman zuen Y os lo cuento Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Ortziralean kirol-argazkilaritza ikastaroa eta Pumptrack Topaketa izan zen. Larunbatean, lehen sailkapen probak ez ezik, Gurpilarte elkarteak haurrei zuzendutako bizikleta birziklatze tailerra egin zuten, haurrentzako lasterketa eta Kemen Pertsona Ezinduen Kirol Klubaren eskutik bizikleta egokituen erakustaldia egin zuten plazan. DJ Reimy ere aritu zen arratsean.

Kalapie elkartearen hitzaldia gaur

Azkenik, maiatzaren 14an, asteartean 19:00etan, Kalapie Elkarteak Udaletxeko Pleno Aretoan hitzaldi bat emanen du: Bizikleta: Zure eguneroko garraiobide berria. Honetaz gain, argazkilaritza ikastaroan zehar ikasleek ateratako argazkien online-lehiaketa bat ere eginen dute eta irabazleak sari bat hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun