Zentral eolikoak eskualdean

Azkua makroproiektu eolikoaren kontra sinadurak biltzen ari dira Arantza, Azkua eta Igantzi Bizirik taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 13a, 19:00

Joan den ortzirale arratsaldean sinadurak biltzen aritu ziren Arantzan.

Zelena Renovable enpresak Etxalarko, Igantziko, Arantzako, Sunbillako eta Doneztebeko lurretan egin nahi duen Azkua makroproiektu eolikoaren kontra, sinadurak biltzen ari dira Etxalarko Azkua Bizirik, Arantza Bizirik eta Igantzi Bizirik taldeak. Enpresaren hasierako txostenari erantzuteko iradokizunekin batera aurkeztuko dituzte sinadurak Nafarroako Gobernuan. Hala, sinadura bilketan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, eta bide batez, Nafarroako Gobernuari kontrako ebazpena emateko eskatu diote.

Hiru taldeak elkarlanean hasi dira sinadurak biltzen. Arantzako eta Etxalarko kasuan, ortzirale arratsaldean hasi ziren sinadurak biltzen. Azkua Bizirik taldeko kideek adierazi dutenez, «ortzirale arratsaldean herriko plazan mahaia paratu genuen, eta orduan bildu zen gehien. Hagitz kontent gelditu ginen, bi orduz etengabe etorri ziren herritarrak». Dena den, oraindik egin ez duenak Etxalarko Kultur Etxean eta Herriko Okindegian izanen du horretarako aukera. Bihar bilduko dituzte sinadura orriak. Bide batez, eskerrak eman nahi izan dituzte; herriko elkarteei «deialdia zabaltzeko emandako laguntzagatik», eta herritarrei «deialdiari emandako erantzunagatik».

Arantzan ere ortzirale arratsaldean hasi ziren sinadurak biltzen. Arantza Bizirik taldeak batzarra egin zuen lehenbizi, eta ondotik, sinadurak biltzen hasi ziren. Hala ere, herriko denda eta ostatuetan ere utzi dituzte sinadura orriak eta nahi duenak hor izanen du aukera. Horrez gain, taldeko kideak etxez etxe eta baserriz baserri ere badabiltza. Herritarrei sinatzeko deia egin die Arantza Bizirik taldeak, «proiektua geldiarazteko hagitz inportantea dela» erranez.

Igantzin ere sinadura bilketa eginen dute. Bere garaian ere egin zuten bertze sinadura bilketa, «udalari moratoria eskatzeko». Sinadurak bilduta, lur ez urbanizagarrian energia berriztagarrien plantak paratzeko obra lizentziak etetea erabaki zuen Igantziko Udalak. Erabakia urtarrilaren 10ean egindako ohiko bilkuran adostu zuen Igantziko Udalak eta etenaldia urte batez izanen da indarrean. Aldi honetan, Nafarroako Gobernura bidaltzeko izanen dira sinadurak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun