Kotto Altzuguren beratarrari buruzko 'Loratzen' dokumentala egiteko diru bilketa hasi dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 14a, 13:00

Heldu den urteko urrian 20 urte beteko dira Kotto Altzuguren beratarra Soriako espetxean hilda aurkitu zutenetik. Espidobaita elkartea haren bizitzari buruzko dokumentala prestatzen ari da, eta finantzazioa lortzeko diru bilketa kolektiboko kanpaina bat hasi du. Itsulapikoa.eus atariaren bidez egiten ahal da diru ekarpena, gaur hasi ekainaren 16ra arte.

Altzugureni buruzko Loratzen dokumentalaren sustatzaileek azaldu dutenez, ibilbide sakona egin zuen Altzugurenek herrian: kirola maite zuen eta futbolari eta mendizale amorratua zen, kultur ekimenen laguntzaile eta parte hartzaile izan zen, zinegotzi  aritu zen eta  Euskal Herriaren «sustatzaile eta defendatzaile» ere bazen. «Baina ez zuen bide erraza izan, itzal handiko zuhaitzei gertatzen zaien bezalaxe». 

Bitan espetxeratua izan zen Altzuguren eta bigarrenez torturatua eta espetxeratua izan ondotik, 2005eko urriaren 31n Soriako espetxean hilik aurkitu zuten. 

Espidobaita elkarteak mezu hau zabaldu du herritarrak ekarpenak egitera animatzeko:

Zuhaitzak, edozein izaki bizidunak bezala, haren bizitzan ziklo ezberdinak zeharkatzen ditu. Adaxkaren zaurgarritasuna, gaztetasunaren grina, heldutasunaren sendotasuna, eta azken urteen zimeldura motela. Tartean, ordea, badira aizkoraz edo motozerraz moztu eta hiltzen dituzten zuhaitzak. Horrela irudikatzen dugu espetxe politikaren ondorio lazgarrienak bizi izan dituzten hainbat herritarren kasua, mendeku politikak baldintza gizagabeetan azken mugaraino estutu eta bizitzen jarraitzeko indarrak galarazi izan dituztenak.

Kotto Alzuguren Beran jaio zen eta bere bizitzan zehar ibilbide sakona egin zuen gure herrian. kirola maite zuen, futbolari eta mendizale amorratua; Berako kultur ekimen guztien laguntzaile eta parte hartzaile nekaezina; zurgina; euskararen nahiz Euskal Herriaren defendatzaile sutsua; baita zinegotzi izandakoa ere. Baina ez zuen bide erraza izan, itzal handiko zuhaitzei gertatzen zaien bezalaxe. Kotto bitan espetxeratua izan zen, 2025 urtean bigarrenatik 20 urte beteko dira. Hain zuzen ere, torturatua eta espetxeratua izan ondoren, egun gutxira, 2005eko urriaren 31n Soriako espetxean hilik aurkitu zuten.

Gure herriaren zauriak sakonak dira baina, zuhaitza zitalkeriaz moztuta ere, hura basora erortzean bizitzak zerumuga berriak bilatzen ditu. Eroritako zuhaitzak basoarentzat ongarri bihurtzen dira, bizigai.

Hemen ez da ezer bukatzen, basoa loratzen jarraituko da. Jarrai dezagun botatako zuhaitzetik zerumuga berrietara loratzen. Egin zure ekarpena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun