Julen Goia Mitxelena xake jokalari lesakarra bide bikaina egiten ari da xakean. Lehendik ere hainbat garaipen eder lortuak ditu, baina larunbat honetan orain arteko handiena lortu du. Izan ere, maiatzaren 11n, larunbatean, Santanderren jokatutako Robin Chess torneo entzutetsua, Europako eskolarteko xake txapelketarik handiena eta munduko bigarrena, irabazi zuen lesakarrak, zortzi urtez beheitiko kategorian.
Txapelketa honen neurria jakiteko, aipatu behar da 1.200 jokalarik parte hartu zutela eta zortzi urtez beheitiko kategorian 226 jokalari aritu ziren. Horien artean, zazpi urteko Julen Goia Mitxelena nagusitu zen, egun osoan jokatutako zortzi txandatan garaile izan eta gero. Maila handiko eta eskakizun fisiko handiko konpetizioan irabazle suertatu zen Goia.