DBHko bigarren mailako irakasleak bultzatuta, matematikan gehiago sakontzeko aukera izan dute Toki Onako hainbat ikaslek. «Gure matematika irakasleak olinpiadetan aurkezteko aukera zegoela aipatu zigun, eta antolatzaileek bortz lagun joaten ahal ginela erran ziguten. Hamasei ikaskide animatu ginenez, gure artean olinpiada ttiki bat antolatu genuen, eta proba hobekien egin genuen bortz lagun sailkatu ginen: Asier, Uxue, Kaiet, Akior eta Intza».
Ikastetxean olinpiada egin ondotik, astelehenero saio berezi bat egin dute aukeratuko ikasleek olinpiadak prestatzeko. «Buruketak taldean ebazten genituen bakoitzaren ideiak kontuan hartuz», kontatu dute parte hartzaileek.
Apirilaren 27an, olinpiadaren egunean, 150 ikasle elkartu ziren euskaraz zein gaztelaniaz proba egiteko Iruñeko Julio Caro Baroja ikastetxean. Proba bikoteka osatu zuten, ikastetxe diferentetako ikasleak nahastuta. «Pixka bat urduri geunden ea nor tokatuko ote zitzaigun pentsatuz, baina denak hagitz gustura aritu ginen tokatutako pertsonekin», kontatu dute.
«Esperientzia bikaina izan da, ongi pasatu dugu bai ikastetxeko prestakuntza saioetan eta baita egunean berean ere», laburbildu dute bortz ikasleek.