Lesakako Beti Gazteko gizonezkoen futbol talde nagusiak partida garrantzitsua jokatuko du maiatzaren 4an, larunbatean 18:30ean Beasainen, Beasain B taldearen kontra, Gipuzkoako ohorezko mailan. Beti Gazte elkarteak jokalariekin batera autobusean partida ikustera joateko aukera eman du. Horretarako aski izanen da larunbatean 15:45ean suhiltzaileen parkera hurbiltzea, ordu horretan abiatuko baita autobusa.
Beasaingo Loinaz zelaia ongi ezaguna dute azken urteetan Beti Gazteko zaleek. 2021ean hirugarren mailara igotzea historian lehen aldiz lortu zutenean, Gipuzkoako ohorezko mailako finala bertan jokatu zuten Eibar B taldearen kontra eta, urtebete beranduago, jubenil mailako taldeak ere Gipuzkoako ohorezko mailako finala bertan jokatu zuen, Bergararen kontra. Finala galdu arren, Euskal Ligara igo ziren astebete beranduago lesakarrak.
Oraingoan, Gipuzkoako ohorezko maila mantentzeko partida garrantzitsua izanen da, arerio zuzen baten kontra eta zaleen babesa eskertuko du taldeak.