Bizikletaren inguruko jarduerak eginen dituzte maiatzaren 6tik 14ra Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 6a, 09:00

Bizibide Enduro lasterketaren bigarren edizioaren harira biziketarekin lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lesakan. Argazkia: Saiz Photos

Maiatzaren 11-12ko asteburuan, Lesakan II.Bizibide Enduro Lasterketa eginen dute eta, honen testuinguruan, Lesakako Udalak bizikletaren inguruko jarduerak antolatu ditu aste honetan eta hurrengoan: Bizikleta txokoa, dokumentala, kirol-argazkilaritza ikastaroa, bizikleta birziklatze tailerra, bizikleta egokituen erakustaldia, solasaldia…

Bizikleta-txokoa liburutegian aste osoan eta ‘Rumbo a Chokwé’ dokumentala ortzegunean

Maiatzaren 6tik aitzinera, liburutegian bizikleta-txoko bat eraikiko da, gai honen inguruko liburuekin. Maiatzaren 9an, ortzegunean 19:30ean, udaletxeko pleno aretoan, Rumbo a Chokwé dokumentala erreproduzituko da. Dokumental honetan, Y os lo cuento Gobernukz Kanpoko Erakundeak (GKE) Chokwé-ko (Mozambique) ospitale batera egindako bizikleta-bidaia azaltzen da. Emanaldia bukatzean, GKEko langileek hitzaldi bat eginen dute. Hitzaldi hau, bideodei bitartez eginen dute, momentu horretan Sierra Leonan egongo direlako bertze proiektu batean murgildurik.

 

Kirol-argazkilaritza ikastaroa eta Pumptrack Topaketa

Biharamunean, ortziralean, 17etan kirol-argazkilaritza ikastaroari hasiera emanen zaio Eltzeta kaleko pumptrack-ean. Saio teoriko-praktiko bat izanen da eta 18:00etako Pumptrack Topaketa erabiliko da argazkiak ateratzeko. Lesakako Udalak Pumptrack Topaketara jendea bizikletarekin, skate-arekin, patinekin edo patinetearekin etortzera animatzen du.

 

Bizibide Enduro lasterketa, bizikleta birziklatze tailerra, bizikleta egokituen erakustaldia eta bertze launbatean

Maiatzaren 11n, larunbatean, Bizibide Enduro Lasterketari hasiera emanen zaio. Goizean, entrenamendu libreak eginen dituzte dira eta Plaza Zaharrean, parte-hartzaileen poltsak, txip-ak eta dortsalak banatuko dituzten. Bitartean, 10:30etik 12:30era, plazan, Gurpilartea Elkarteak haurrei zuzendutako “Bizikleta birziklatze tailerra” emanen du eta Bizi-scalextric-a probatzeko aukera ere eskainiko dute. Arratsaldean, 16:30an haurrentzako lasterketa jokatuko da Lesakako karriketan barrena (adin minimoa: 9 urte). Ondotik Kemen Pertsona Ezinduen Kirol Klubak bizikleta egokituen erakustaldi bat emanen du eta bukatzerakoan, sailkapen-saio nagusia jokatuko da. Honen ondotik, lehenengo sailkapenak aterako dira eta ilunabarrean, DJ Reimy-k bere bizikleta eta musikarekin Lesakako karrikak alaituko ditu.

Gainera, parte-hartzaileek aurten, landatzeko orriekin inprimatutako gida bat jasoko dute larunbat goizean. Etxera iristean, gida hori landatu dutenen artean, sari bat lortzeko zozketa bat eginen dute.

 

Igandean lau jautsiera kronometratu

Hurrengo egunean, igandean, lasterketa nagusia hasiko da 08:00etan Plaza Zaharrean. Lesakako mendietan  lau jautsiera kronometratuko dituzte (horietako ibilbide bat ez da jakinen lasterketa egunera arte). Ezagutzen diren jautsierak Mikeltxo, Askati eta Pipiflow izanen dira eta datozen egunetan, Lesakako Udalak gida bat aterako du lasterketako jautsiera hauetara modu egokian ailegatzeko eta txirrindulariak ikusteko. Lasterketa bukatu bezain laister, luntx-a, sari banaketa eta zozketak eginen dituzte Plaza Zaharrean eta ondotik, txirrindulariek kiroldegian dutxatzeko aukera edukiko dute.

 

Kalapie elkartearen solasaldia maiatzaren 14an

Azkenik, lehiaketaren ondoko asteko asteartean (maiatzaren 14ean), 19:00etan, Kalapie Elkarteak Udaletxeko Pleno Aretoan hitzaldi bat emanen du: Bizikleta: Zure eguneroko garraiobide berria. Honetaz gain, argazkilaritza ikastaroan zehar ikasleek ateratako argazkien online-lehiaketa bat ere eginen dute eta irabazleak sari bat hartuko du.

 

Izen-emateak zabalik oraindik

Lesakako Udalak gogorarazi nahi du II. Bizibide Enduro Lasterketan parte hartzeko inskripzioak oraindik irekita daudela. Esteka honen bitartez, Lesakako lasterketan izena eman dezakezu: https://www.rockthesport.com/es/evento/bizibide-endurolasterketa eta bertze honen bitartez, Sustrails-eko sei lasterketen pack-a eskuratu: https://www.rockthesport.com/es/evento/open-sustrails-enduro-btt-pack-circuito Bertzalde, kirol-argazkilaritzarako plazak ere mugatuak dira eta dohainik den arren, izen-ematea ere nahita nahiezkoa da: https://es.patronbase.com/_LesakaEu/Productions/43/Performances

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun