Arantzako alkate eta EAJ-PNV alderdiko Napar Buru Batzarreko presidente izandako Bixente Arozena Biurrarena apirilaren 30ean, asteartean hil zen, 87 urte zituela. Bere aldeko hileta elizkizuna maiatzaren 2an, ortzegunean, 18:00etan eginen dute Arantzako elizan.
Bixente Arozena Napar Buru Batzarreko presidente izan zen 1987 eta 1992 urteen artean eta garai hartan erosi zuen EAJ-PNV alderdiak Iruñeko Zapateria karrikan gaur egun duen egoitza. EAJ-PNVk adierazi duenez, Arozena «gizon sakonki abertzalea izan zen, demokrata, umila, alderdiarekin leiala, bere lurrari eta Arantza sorterriari eta Bortziriak eskualdeari hagitz lotua». Urtetan Arantzako zinegotzi izan zen, baita alkate ere 1979tik 1983ra eta 2003 eta 2007ra. Udalbide-Udalbiltzako sorreran lan egin zuen eta zuzendaritza batzordeko kide ere izan zen.