Aurten Arantza Rock jaialdirik ez egitea erabaki du Arantzako Gazte Asanbladak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 27a, 09:00

«Azken urteotan izan den dinamika aztertuta», aurtengo Arantza Rock jaialdia alde batera uztea erabaki du Arantzako Gazte Asanbladak. Ohar bidez jakinarazi duenez, «ez da erabaki erraza izan, baina gazteon artean sumatu dugun borondate faltak bulkatuta, koordinazio taldeak aurtengoan ez du nahikoa indarrik ardura hau hartzeko».

Horrekin batera, «gazte mugimenduaren egoera orokorrari begira, egungo gazte asanblada berrantolatzeko beharra» nabarmendu dute Arantzako Gazte Asanbladako kideek. Hori dela eta, «herriko gazteen talde sendoa eta aktiboa sortu» nahi dutela adierazi dute, «oinarri egonkor batetik abiatzeko». Hala, bilera irekia antolatu dute eta Arantzako gazte guztiei egin diete bilerara joateko deia: maiatzaren 4an, 19:00etan, Arantzako Liburutegian izanen da.

«Informatzeko helburuarekin» eginen dute bilera, eta «taldearen dinamika eta funtzionamendua azalduko ditugu». Gehiago ere erran dute: «Bilerara agertzeak ez du erran nahi gazte asanbladaren kide izan behar denik, interesatu guziak hurbiltzeko gonbita egin nahi dugu. Bilera honen ondotik erabakiko du bakoitzak norbere partaidetza zein izanen den».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun