Denboraldi hasiera lanpetua izan du Irati Otxoteko Arlegi lesakarrak. Australia, Arabiar Emirerri Batuak, Valentzia... batean eta bertzean ibili da lanean eta hala izanen da urri hasiera arte, orduan bukatuko baitu denboraldia. Lidl-Trek taldeko masajista eta autobus gidaria da eta urte erdi ematen du etxetik kanpo lanean.
Nondik heldu zaizu txirrindularitzarako afizioa?
Aita da erruduna. Igandero lagunekin joaten zen bizikletan, eta ondotik etortzen zen niregana eta berarekin joaten nintzen bizikletan ibiltzera. Beti izan naiz kirolaria eta hemengo kirol guztiak probatu nituen, pilota, futbola… Baina ez zitzaizkidan gustatu. Inguruan baziren bizikletan ibiltzen zirenak, eta beraiekin hasi nintzen taldean.
Pistan aritzen zinen orduan?
Biak egiten nituen, baina hobea nintzenez pistan, gehiago gustatzen zitzaidan. Aitarekin bidaia aunitz egiten nituen Tafallara entrenatzera. Institututik atera, tuper bat jan, entrenatu eta 23:00etan itzultzen nintzen etxera.
Lehiatzen aritu zinen garaiko zer oroitzapen duzu?
9 urterekin hasi nintzen, eta 19 urterekin edo utzi nuen. Ikasketak bukatuta berriz ere hasi nintzen lehiatzen errepideko bizikletarekin, eta lehendabiziko aldian baino hobeki aritzen nintzen, baina, lanarekin eta ez nuen denborarik. Oroitzapen hagitz politak ditut, bai errepidean eta bai pistan ere. Leku eta jende pila bat ezagutzen duzu. 16 urte nituela sanferminetan bizikletan entrenatzen ibiltzen nintzen. Lagunek erraten zidaten ea zer ari nintzen, eta bestara joateko, baina nik hori nahi nuen, bizikletan ibili. Bizitzako garai inportantea izan zen. Nire bizitzako zentroa ez bada izan, foku garrantzitsua izan da txirrindularitza.
Eta nola pasatu zinen bizikletan ibiltzetik lantalde teknikoan lanean hastera?
Trantsizio arraro xamarra izan zen. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasi nuen, eta masterra Euskadi Fundazioan egin nuen. Bertan lanean hasteko aukera izan nuen, eta intentzioa prestatzaile gisa aritzen zen bertako afizionatuen taldean. Baina, azkenean, eskola kiroleko arduradun gisa paratu ninduten. Urtebete egin nuen eta utzi egin nuen, eta nire kabuz hasi nintzen prestatzaile gisa. Aldi berean masaje ikastaro batzuk egin nituen. Talde batek erran zidan masajista bat behar zuela, eta horrela hasi nintzen.
«Lasterketetan 14 orduz egoten ahal gara lanean»
Irati OTXOTEKO ARLEGI
Argi zenuen ikasketak kirolaren inguruan egin nahi zenituela?
Bai. Zalantza izan nuen fisioterapia ikasi, eta oraindik ere burutan dut. Gauza batek bertzea ekarri du, eta ez naiz damutzen, eta oraindik ere prestatzaile gisa aritzen naiz batzuekin. Kirol munduan lan eginen nuela ziur nuen, espero ez nuena da txirrindularitzan hainbertze sartzea.
Gaur egun Lidl-Trek taldean aritzen zara. Nolakoa izan da bertara iritsi arteko bidea?
Zortea handia izan dut. Hasi nintzen Bizkaia-Durangon lanean eta horiekin denboraldi erdia egin nuen. Ameriketako talde batek ikusi ninduen, eta proposatu zidaten lasterketa batzuk beraiekin egitea. Nik ingelesa hagitz gutti kontrolatzen nuen, baina ez dut inoiz beldurrik izan, beti egin dut aitzinera. Talde horrekin bukatu nuen denboraldia, eta urte bukaeran talde desagertu eta Movistarrekin hasi nintzen. Urtebete egin nuen bertan eta Trek Segafredotik deitu, eta geroztik hemen nabil. Aspertu arte, edo bota arte, taldean segituko dut. Hagitz gustura nago.
Lidl-Treken soigneur gisa aritzen zara lanean. Zein da zehazki zure egitekoa bertan?
Soigneur hitzak txirrindularien zaintzailea erran nahi du, masajista. Baina ez dugu hala deitzen, masajeak ematen hiru orduz aritzen garelako, eta gainerako guztia egiten dugulako; bidoiak eta janari prestatu, arropak garbitu… Txirrindulariek gaueko hamarretan zerbait behar badute guri erraten digute. Ni autobus gidari gisa ere aritzen naiz eta lan gehiago izaten da.
Lasterketa egun batean, orduan, zenbat lan ordu egiten dituzu?
Lasai ederrean 07:00etan hasi eta 21:00etan bukatzen ahal duzu, 14 ordu edo.
Nolakoa da horrelako egun bat?
Aunitzetan lasterketa eguna bera baino okerragoa izaten da niretzat lasterketa bezpera. Egun horretan dena prestatu behar duzu: autobusa garbitu kanpotik eta barrenetik, txirrindularien bidoiak prestatu, masajeak eman… Lehenengo eguna martxa hartu arte luzea izaten da.
Eta behin martxa hartuta?
Lasterketa egunetan, goizean goiz jaikitzen gara. Normalean sukaldariak izaten ditugu, baina sukaldaririk ez bada guk prestatzen dugu gosariko dena, beraiek dena eskura eduki dezaten. Niri autobus gidaria izatea tokatzen bazait, bertara joaten naiz irratiak eta prestatzera. Txirrindulariak autobusera sartzean irteera puntura eramaten ditut, eta bertan lasterketarako beharrezkoak ematen dizkiet. Lasterketa egiten ari diren bitartean autobusa helmugara eramaten dut, eta han sukaldaririk ez bada, lasterketa ondorengo janaria prestatzen dut. Ondotik, han dutxatzen dira eta hotelera eraman ondotik autobusa txukundu eta masaje bat ematen dut. Autobusarekin bazaude, normalean masaje bat ematea tokatzen da, baina, bertzela, bi edo hiru ematen ditut. Ondotik, bukatzean autobusa garbitzen dut.
Eta gidari aritzen ez zarenean?
Lasterketa bitartean txirrindulariei bidoiak ematera joaten zara hainbat puntutara, eta ondotik masajeak eman eta bidoiak ematea eta janaria prestatzea tokatzen zaizu.
Lan gogorra da?
Lasterketetan nire iritziz gure lana gogorragoa da txirrindulariena baino. Beraiek bizikletan sei orduz daudenean, euripean, hotzarekin, ez dut beraiek izan nahi, baina egunean zehar ez dute deus egiten, pedaleei ematea da egin behar duten gauza bakarra. Ez dute bertze kezkarik izan behar. Guk lan ordu puskaz gehiago ditugu, eta egunak luzeagoak dira. Baina zer gertatzen da etxean gaudenean? Guk ez dugu egitekorik izaten normalean eta beraiek entrenatzen segitu behar dute. Nik proportzioan nahiago dut gurea.
Beraz lasterketatik kanpora ez zaizu lanik egitea tokatzen?
Ez, mugikorrarekin ibili behar gara kudeaketa lanetan, baina bertzela ez. Gu lasterketetara errepidez joaten gara, kotxean edo autobusean, eta guretzat lasterketa bortz egun lehenago hasten da. Lehenengo Belgikara joaten gara—han dago taldearen egoitza— han dena prestatzera eta gero handik autobusez mugitzen gara, eta txirrindulariak hegazkinez.
«Nahiago dut gure lana txirrindulariena baino»
Irati OTXOTEKO ARLEGI
Nolatan hasi zinen autobus gidari lanetan?
World Tourrean gizonekin bada bertze emakume bat gidari aritzen dena, baina emakumezkoekin oraingoz ni naiz emakume gidari bakarra. Niri betidanik gustatu izan zait gidatzea. Garai berean sartu ginen hiru lagun: horietako batek bazuen gidabaimena, bertze bati eskatu egin zioten eta nik proposatu nuen nik ere ateratzea. Lehenengo urtea infernua izan zen. Hagitz- hagitz gaizki pasa nuen, karneta atera berri nuen Covidaren pandemia iritsi zenean eta bortz bat hilabetez egon ginen geldirik. Hastean, Belgikatik Bretainiara eraman behar izan nuen autobusa nik bakarrik, ez nintzen ongi oroitzen nola gidatzen zen, autobusa izorratzen zen aunitzetan… Aunitzetan hori izaten da arazoa, autobusa izorratzen dela eta 4-5 ordu eman behar dituzula hori konpontzen. Gustuko lana da gidariarena, baina, beti izaten dira arazoak. Masajista gisa bakarrik aritzen bazara lanean aunitzez ere erosoagoa da. Baina, ez duzu hainbertze abentura, eta hainbertze harreman txirrindulariekin. Niri aunitz gustatzen zait giro ona sortzea taldean eta bidaietan irri aunitz egiten dut beraiekin.
Emakumeei egin diezu erreferentzia. Normalean horiekin aritzen zara, ezta?
Bai, lasterketan %95 egiten dut emakumeekin. Orain arte bizpahiru karrera egin ditut urtero gizonekin, eta aurten emakumeekin tokatu zait bakarrik. Nire ustez ona da aldatzea, batez ere emakumeen talde ttikiagoa garelako eta beti ari garelako lanean jende berdinarekin. Mutiletan taldea handiagoa denez, beti aldatzen duzu lantaldea eta aire freskoa izaten duzu. Lanera joaten garenean hilabete egoten gara 24 orduz pertsona berdinekin. Egia da neskek orokorrean gehiago eskertzen dutela, eta orokorrean umilagoak direla.
Aurtengo denboraldia aipatu duzu. Noiz hasi eta bukatzen da?
Denboraldia abenduan hasten da, nirea iazko abenduan hasi zen, denboraldi-aurrearekin, kontzentrazioarekin, eta urrian bukatzen da. Hilabete eta erdi edo bi hilabete izaten ditugu opor normalean.
Nomada bizitza eramaten duzu. Nola daramazu hori?
%100 da nomada bizitza. Urtean 180 egun inguru ematen ditut etxetik kanpo, urte erdia. Aurten urte hasiera nahiko lanpetua izan dut, Australian egon nintzen lau aste, lau egun opor, handik Emirerri Batuetara, bertze aste bat Valentzian, bost egun hemen, bertze aste bat Italian… Bi asteko edo aste eta erdiko deskantsuak aunitz eskertzen dira.
Presio handiko lana izaten da?
Bai, nik lana hartzen dudan bezala behintzat bai. Txirrindulariei dena zaintzeko eskatzen zaie: entrenamendua, nutrizioa, materiala… eta guri ere exijitzen zaigu dena maila berean egitea. Nire iritzia da beraiek ezin dizutela deus eskatu, dena egon behar dela beraientzako prest, aurreratu behar garela gauza horietara. Presioa da, erantzukizuna delako. Guk ere badugu presioa, itzalpean baina, badugu.
Eta nola kudeatzen duzu estresa?
Gaizki. Ikasten ari naiz horretan. Etxera iristen naizenean bi egun egoten naiz hilda. Estresa neutroago kudeatzen jakin behar duzu, estres handia denean gutxiago estresatzen, eta lasai zauden momentuan une hori aprobetxatzen. Eta niri hori aunitz kostatzen zait. Lan egitea aunitz gustatzen zait eta ez dakit egoten deus egin gabe. Kostatu zait ikastea ordu erdi bat libre badut deus egin gabe egoten.
Nola ikusten duzu emakumeen txirrindularitza?
Kristoren aldaketa egon da.Oraindik gelditzen da pila bat, baina aldaketa sekulakoa da. Duela 5 urte UCIk soldata minimoa eta amatasun baja ezarri zituen, eta hori izugarria izan zen. Orain emakume bat bizitzen ahal da txirrindulari izatetik, eta soldata onak daude. Hori bai, soldata desberdintasun handia dago. Baina horretatik bizitzen ahal zara eta zentratzen ahal zara horretan. Gaur egungo neska gazteek badituzte erreferenteak.
«Emakumeen txirrindularitza aunitz aldatu da urte hauetan»
Irati OTXOTEKO ARLEGI
Zein zen zurea?
Joane Somarriba, baina Somarribari bizikletak ez zion jatekoa ematen. Aunitz nabaritzen da profesionalizatu direla. Hagitz positiboa da emakumeek erreferenteak izatea. Nik 17-18 urte nituela entrenatzaileak erraten zidan ez nintzela nahikoa ibiltzen. Baina selektibitatea nuen, eta nire jatekoa ikasketek eta lanak eman behar zizkidaten, ez bizikletak. Gaur egun neska gazteek badute aukera momentu batean ikasketak utzi eta txirrindularitzan aritzeko.
Egindako bidearen zer balorazio egiten duzu?
Aunitz eman dit, aunitz ikasi dudala uste dut, Lild-Trek nazioarteko taldea da, ingelesa da lehen hizkuntza, eta pasatzen zara ingelesa ez jakitetik lehenengo hizkuntza izatera, italiera pixka bat mintzatzera, frantsesa ulertzera. Hizkuntza eta kultura pila bat ikasten dituzu. Jendearentzat idolo direnak, zuk pertsona bezala ezagutzen dituzu, beraien arazoak ikusten dituzu, ikusten duzu txirrindularitza ez dela dena. Batzuetan ematen du lasterketa batean bidoi bat ahaztu eta mundua bukatzen dela, baina ondotik ingurura begiratu eta konturatzen zara ezetz. Zertan ari gara, jendea inguruan gosez hiltzen ari denean, gerran dagoenean? Perspektiba aunitz irekitzen dizu. Sekulako burbuilan bizi gara, eta horretatik ateratzea ongi etortzen zaigu.
Aunitz ematen dizu lanak, ezta?
Bai. Niri gustatzen zait bertakoekin solastatzea, eta sekulako esperientzia da burbuila horretatik atera eta bertze errealitateak ezagutzea. Guk debalde bidaiatzen dugu, eta aprobetxatu behar dugu. Egun luzeak ditugu, baina, egiten ahal dugu ahalegina hango kulturaz ikasteko; bizitza esperientzia bat da. Egunero duzu erronka bat eta bizirauten ikasi behar duzu. Sekulako ikasketa da. Oraindik 6-7 urteren ondotik egunero ikasten segitzen dut.
Hemendik aitzinera zer?
Hurrengo urtean ziur segituko dudala, kontratua sinatua baitut. Nik bi aste etxean pasatu eta faltan botatzen dut hau. Nahiko nuke nire bizimodua hau izaten segitzea. Aunitz nekatzen du hainbertze bidaiatzeak, eta saiatzen ahal zara oreka bat bilatzen guttiago bidaiatuz. Baina nik ez dut nire burua ikusten bulego batean 8 orduz, eta nahiko nuke honetan segitu.
MOTZEAN
Gustuko txirrindulari bat? Mads Pedersen eta Shirin Van Anrooij.
Ikusteko gustuko lasterketa bat?Belgikako Klasikoak dudarik gabe.
Parte hartu nahiko zenukeen lasterketa bat? Flandriako Klasikoa.
Bizikletan igotzeko portu bat? Alpe d’Huez.
Eta jaisteko? Tourmalet.
Bidaiatu duzun lekurik politena? Txinako Guangxi eskualdea.
kusi nahiko zenukeena? Zelanda Berria
Txirrindularitza ez den kirol bat praktikatzeko? Frontenisa.
Eta ikusteko? Moto GP.