2018an intsinis pinuak pairatu zuen gaitzaren eraginez, Anddo mendiko landaketaren %50 bota behar izan zuen Igantziko udalak. Hau da, landatuta zegoen intsinis pinudi osoa. 2019an berriz, oihanberritze-proiektu bat aurkeztu zuen eta, haren tamaina eta kostua ikusita, hiru fasetan banatu zen.
Lehen fase horretan (Anddo 1 izenekoa) 6,65 hektarea birlandatu ziren, 35.276,07 euroko kostuarekin. Nafarroako Gobernuak finantzatu zituen osorik, Next Generation funtsen bidez.
Bigarren fasean (Anddo 2) 16,50 hektarea birlandatu ziren, 75.628,09 euroko kostuarekin. Kasu honetan, Red Eléctrica de España SAUk finantzatu zuen, berotegi-efektua eragiten duten emisioak konpentsatzeko duten programaren barrenean.
Eta hirugarren fasean (Anddo 3) aurtengo martxoan bukatutzat eman dena, 8,93 hektarea landatu dira, 53.157,85 euroko kostua ekarri dutenak, Nafarroako Gobernuak finantzatu du osorik, Next Generation europar funtsen bidez.
% 100eko finantziazioa
Hiru faseetan akordioa berdina izan da, %100eko finantzazioa, Igantziko udala landaketen mantentzeaz eta garapen egokiaz arduratzearen truke. 33 hektarea baino gehiago, 30.000 landare inguru landatzeko. Haien artean koniferoak eta bertako espezieak, hala nola, itsas pinua, taeda pinua, pinaster pinua, edo haritza, urkia, pagoa eta gereziondoa. Sarbide zaileko eremuak landatu gabe gelditu dira, baina ia ez dira lurraren %5era ailegatzen.
Landareak berez ateri diren eremuak ere errespetatu dira.