Bizi ohiturak, fisikoak eta/edo elikadurakoak hobetu nahi dituzten gaixoei zuzenduta dago programa. Pertsona horiek kontsultara joan eta medikuak kirol errezeta aginduko die. Pazientea udal kirol instalaziora joanen da prestatzaile fisikoek astean gutienez bi egunetan eta hamar hilabetez egin beharreko jarduera fisikora bidal diezaion.
Programaren helburua da pazienteak kirola egitera motibatzea, ohitura osasungarri gisa, gaixotasuna edo medikuarengana joateko patologia hobetzeko, edo osasun baldintzak hobetzeko, gaixotasunik izan ez arren.
Lesakako Udalaren programa komunitario bat da, bonu sozialeko prezioekin eta osasunaren sustapenaren eta prebentzioaren alde, baita zahartze aktiboaren sustapenaren alde ere.
Kirol Errezetaren programari buruzko informazio guztia eskuragarri egonen da Lesakako kirol instalazioan eta Lesakako Oinarrizko Osasun Gunean, bizi kalitatea irabazi nahi duten pertsona guztien eskura.
Hitzarmena sinatu ondotik, plazako argazkian ageri dira Anna Pujol, Lesakako Oinarrizko Osasun Eremuko medikua; Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea; Ana Pikabea, Oilartegi SL enpresa publikoko gerentea; Elixabet Elizalde, Lesakako Oinarrizko Osasun Eremuko erizainen burua; Maialen Mitxeo, Lesakako Oinarrizko Osasun Eremuko erizaina eta Mikeli De la Hoz, Lesakako Oinarrizko Osasun Eremuko zuzendaria.