Esther GURUCHET

«Tristea da zerbitzuak poliki-poliki galtzen ari garela ikustea»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 21a, 12:00

Esther GURUCHET ALTZUGARAI, Lesaka-Arantza

«Ditugun profesionalek lan bikaina egiten duten arren, ezin ailegatuz dabiltza, beraien kupoaz gain, kupoz kanpoko pazienteak artatu behar dituztelako». Halaxe erantzun du Esther Guruchet Alzugarai lesakarrak hartzen duen osasun arreta zer iruditzen zaion galdetuta. Pediatra faltaz eta emakumeentzako osasun zerbitzuez ere aritu da.

«Osasun profesionalak artatzen gaituenean arreta ona» dela dio, eta bere kasuan, «irtenbidea beti» eman izan diotela ere esplikatu du, baina hortik haratago doa gabezia: «Kontua da osasun profesionalengana ailegatzea aunitzetan zaila egin zaigula, batez ere gure semeekin».

Pediatria zerbitzua da momentu honetan «hanka motz» sumatzen duena: «Ez dugu astelehenetik ortziralerako zerbitzu sistematikoa eta pediatrarekin zuzenean ordua hartzea ezinezkoa da. Elizondoko pediatra arratsalde batzuetan etortzen da, eta eskertu behar diogu, baina segidan betetzen dira orduak. Horrez gain, arazo akutu bat baldin bada, Doneztebeko pediatrarengana bideratu izan gaituzte. Baina bi pediatra horiek euren ohiko kupoak dituzte eta gainezka daude». Egoera horretan, «paziente guztiak ‘ongi’ ezagutzea zaila» da Gurucheten hitzetan: «Hain garrantzitsuak diren pediatriako erizain kuttunak hortxe daude goizero-goizero, dagokiena baino ardura gehiago hartuz aunitzetan, baina konpetentzia ezberdinak dira. Erizainak eta pediatrak talde bat egiten dute eta gure kasuan, talde hori osatu gabea da».

Pediatriaz gain, hutsune gehiagoren lekuko da lesakarra: «Emakumearentzako osasuna arretan ere gabezia sumatu dut. Lehenbiziko haurdunaldian emaginak Lesakako Osasun Zentroan artatzen ninduen, bigarrenean, berriz, zerbitzua hori Elizondon bakarrik hartu dut. Tristea da lehen lortutako zerbitzuak poliki-poliki galtzen ari direla ikustea».

Babesgabe edo zintzilik

Hutsune horien adibide gehiago ere paratu ditu mahai gainean. Horietako bat semearekin gertatu zaie: «Pediatrak ikusi behar zuen, baina ez zegoen ordurik ez berarekin, ez nire familia medikuarekin, ezta erizainarekin ere. Babesgabe edo zintzilik sentitu ginen eta irtenbidea gure aldetik bilatu genuen». Bertze kasua emaginarekin gertatu zitzaion: «Ordua hartu nahi izan nuen eta aste guzian ez zuen ordurik. Irtenbidea nire aldetik bilatu behar izan nuen».

Egoera horretan, «Osasunbideari herri ttikiez ez ahanzteko» eskaria egin dio, baita «herri ttikietan bizi garenok hirikoen guttieneko zerbitzu berdinak izatea» ere. Orokorrean «medikuak eskas» daudela iruditzen zaio. Eta bere hurbileko egoerari erreparatuz, «Lesakako pediatriaren plaza betetzea» eta «emakumearen osasun zerbitzuan baliabide gehiago» eskatu ditu: «Ez dut deus berririk eskatzen, orain dela hiru urte genuena mantentzea bertzerik ez».

Osasun profesionalak zaintzeaz

Bide beretik, «egoera hobetzeko, osasun profesionalen lan baldintzak hobetzea ere nahitaezkoa» ikusten du. Eta «osasun profesionalak zaintzearen garrantziaz» aritu da: «Egoera hau herritarrontzat desegokia izatez gain, profesionalentzat ere ez da xamurra. Lan baldintzak okertu direla uste dut, jende gehiago artatu behar dute, aunitzetan euren espezialitatetik kanpo dauden eremukoak eta ardura gehiago dute. Horrela lan egitea ez da erraza».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun