Baina osasun profesionalen arreta horretatik haratago, bada ezinegona sortzen dion zerbait: «hitzordua eskatzeko duten protokoloa ez dut entenditzen, nola den posible administrari bat izatea lehenbiziko baheketa egin eta medikuak artatu edo ez erabakiko duena». Zitak hartzeko bide hori «bitxia iruditzen zait eta ez nago ados»: «Osasun zentrora deitzen duenak ez du denbora pasatzeko edo nahi duelako egiten, behar duelako baizik».
Hortik aparte, «Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren aldetik osasun zerbitzuek azken aldian arreta falta» dutela dio beratarrak: «Horren adibide argia da Bortzirietan pediatrarik ez izatea. Nire alabak haurra izan du eta ni ama izan nintzenean baino okerrago daude, pediatrarik gabe. Pauso bat gibelera egin dugu». Horregatik «bitarteko gehiago» eskatu dizkio administrazioari. «Osasun zerbitzua oinarrizkoa da eta gain behera doa, eta etorkizunean egoera larria izaten ahal da. Zaindu dezagun duguna».