Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak (AAORL), 2023. urtean San Martin elizako organoa zaharberritzeko lanak bukatu ondotik, aurten lau kontzertuz osatutako organo-ziklo bat antolatu du: horietako bi udaberriko organoaren zikloan sartuko dira, eta bertze bi udazkenekoan. Kontzertuen formatua aldatuko da; horrela, udaberriko zikloko lehen kontzertuan organoarekin batera tronpeta izanen da, eta hurrengoan saxofoia. Udazkeneko kontzertuetako bat organoarena bakarrik izanen da, eta bertzea txistuarekin egiteko asmoa dute. Lehenengo kontzertua apirilaren 28an izanen da, igandean 18:30ean San Martin elizan, eta bertan parte hartuko dute Oscar Candendo Zabala organistak (Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako organo espezialitateko irakaslea eta Donostiako Artzain Onaren S. I.eko organista) eta Mikel Galardi Txoperena tronpetista lesakarrak.
Barrokoa Barrokotik haratago
Kontzertuko irudiak elizaren barrenean pantaila batean proiektatuko dituzte, eta, horri esker, entzuleek koruan musika nola interpretatzen duten ikusi ahal izanen dute. Kontzertuak ongi bereizitako bi zati ditu. Lehenengoan, Lesakakoa bezalako musika tresna erromantiko iberiko batentzat pentsatua, garai horretako organorako pieza sorta bat entzun ahal izanen da: A. Bruckner (bere bigarren mendeurrenean), C. Franck, F. Gorriti eta E. Torres. Bigarren zatian, tronpeta organora gehituko da eta biek Vivaldiren kontzertu bat eta Bachen kantata baten mugimendu bat joko dituzte, azken horren bertze bi konpositoreen (G. Delerue eta S. Karg-Elert) bi berrinterpretazioekin batera; hortik dator bigarren sail honen izenburua: Barrokoa Barrokotik haratago.
Sarrerak Lesakako Telletxea eta Xagu liburu-dendetan erosi ahal izanen dira (baita elizan ere, kontzertua baino lehen), 5 euroan, borondatezko ekarpen gisa.