Lesakako Udal Plan Orokorra berritzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 22a, 16:00

Lesakako hirigintza plana 1999koa da eta zaharkitua gelditu denez, egungo errealitatera egokitzeko araudia martxan paratu dute. Argazkia: Kulturkari

Apirilaren 22an, astelehenean sinatu dute Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendurako zuzendari nagusiak eta Lesakako alkateak

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia den José Antonio Marcén eta Ladis Satrustegi Lesakako alkateak Lesakako Udal Plan Orokorra (UPO) berritzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten apirilaren 22an. Lesakako hirigintza plana 1999koa da, eta erabat zaharkituta gelditu dela kontuan harturik, hirigintza plana egungo behar eta errealitatera egokitzeko araudia martxan paratuko da.

Plan hau garatzean lurralde-okupazioaren estrategia eta eredu bat definitu nahi da, udalerria modu jasangarrian garatzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Garapen jasangarriari dagokionez, planak herrigunearen hazkunde trinkoa, eraikinak birgaitzea, energia-eraginkortasuna hobetzeko jarduketak, klima-aldaketaren ondorioekiko kalteberatasuna murriztea, mugikortasun jasangarria, irisgarritasuna eta paisaia zaintzea sustatuko ditu.

Gizartearen behar eta nahien arabera eginen da, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena sustatuz, eta herritarren ezaugarrietara egokituta, eta partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak bermatuz. Izan ere, planak tresna erraza eta praktikoa izan behar du, herritarrek ulertzeko modukoa, eta udalerrian jarduera sozial eta ekonomikoari eusteko baliagarria. Lurzorua antolatzeko, arautzeko eta kudeatzeko mekanismoak ezarri beharko ditu, egungo biztanleriari eusten eta biztanle berriak erakartzen lagundu, hori guztia Lesakako udalerriko biztanleriaren ezaugarriak (dentsitatea eta zahartze-indizea) kontuan hartuta.

Klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak

Lesakako Udal Plan Orokorrak lurralde eta hirigintza ereduan txertatuko ditu klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak; horretarako, eskura dauden klima-agertokiak hartuko dira kontuan, eta planean sartu beharreko neurriak identifikatuko dira.

Modu berean, lurralde-inguruneari erreparatuko dio, eta hurbileko udalerriekiko harremana indartuko du (Bera, Igantzi eta abar), eta aztertuko du nola lotu daitekeen herriko bide-sarea lehendik dauden errepideekin eta aurreikusten diren errepide berriekin.

Proposatutako hirigintza-ereduak eskatutako oinarrizko azpiegiturak (hornidura, saneamendua, hondakinak eta abar) aurreikusi eta eguneratuko ditu.

Bizitegi-lurzoruaren beharrak konponduko ditu, eta, horretarako, aztertuko du zer behar dauden eta egonen diren babestutako etxebizitzei, eta jarduera ekonomikoei dagokienez, udalerriaren egungo eta etorkizuneko eskakizun eta nahien arabera, baita proposatutako hirigintza-garapeneko ereduaren arabera ere.

Herritarren zerbitzurako sistema orokor egokiak aurreikusiko ditu, bereziki espazio libreak eta berdeguneak, baita zuzkidurak ere, eman beharreko zerbitzurako leku apropos eta egokienetan kokatuta.

 

Kultur ondarea

Kultur ondareari dagokionez, babes berezia behar duen ondare higiezina identifikatuko du, eta ondare horren inbentarioa eta katalogoa jasoko ditu: Bidasoko bide berdea eta Agiñako monumentu megalitikoak.

UPOan landa-lurzorutik igarotzen diren ibilbideak, bidexkak edo oinezkoentzako bideak sartuko dira, naturaren aldetik interesa badute edota irisgarritasuneko udal-sare bat osatzeko egokiak badira: Bidasoko bide berdea, EuroVelo 1 ibilbidea, GR-11, Trekking Bidasoa GRa eta abar.

Landa-lurrak antolatu eta haien hirigintza-erregulazioa ezarriko du, gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta, kontuan hartuta haien nekazaritza-, oihan- edo abeltzaintza-balioa, paisaia-, arkeologia-, kultura- edo ingurumen-balioak, eta lurralde-loturako funtzioak.

Udal Plan Orokorrak berrikusi beharko ditu garatu gabe gelditu diren egikaritze-unitateak eta unitate asistematikoak, hiri-lurzorukoak eta lurzoru urbanizagarrikoak, eta herrigunearen hazkunderako eredu berria planteatuko du, herritarren egungo beharretara eta egungo sustapen-ahalmenetara egokitua. Planak planteatuko du zein etxebizitza- eta hirigintza-ereduk izanen duen lehentasuna, kontuan hartuta zer behar dituzten herritarrek gaur egun, ez dadin erabili eredu zaharkiturik edo testuingururik gabekorik.

Onin errekaren uholde-arriskua aztertuko du, batez ere herrigunean, Landazelaia aldean eta Otsango auzoan eta erreka ertzeko pasealekuan egin daitezkeen hobekuntzak aztertuko ditu, Otsango eta Biurrana oinezkoendako lotzeko helburuarekin.

Landazelaiko eremua berrantolatu beharko du, uholde-arriskura egokitzeko eta hura murrizteko aurreikusten diren jarduketak jasotzeko.

 

Fabrikako pabiloiak eta saihesbidea

Arcelor-Mittal pabiloi industrialean jarduteko eta haren zati bat berreskuratzeko aukerak aztertuko ditu, bertze erabilera batzuk izan ditzan. NA-4001 saihesbidearen garapenari eta loturari (gaur egun Arcelor-Mittal industrialdean bukatzen da) erantzuna emanen zaio, Biurrana aldean NA-4000 errepidearekin lotzeko eta Nabaz auzorako sarbidea hobetzeko.

Hirigune historikoa mugatu beharko du, Intereseko Eraikinen Katalogoa berrikusi, eta lehentasunez birgaitu beharreko area bat mugatu eta hari dagokion udal ordenantza onetsi, katalogatutako eraikinak birgaitzea sustatzeko. Merkataritza erakartzeko eta antolatzeko planaren irizpideak ere txertatu beharko ditu. Herrigunean aparkaleku-plazak ezartzeko beharrari erantzun beharko dio, eta aparkaleku-plaza publiko gehiago ezartzeko berrantolaketa eta aurreikuspena eginen ditu.

Alkaiagako Karrika Nagusiaren eta Erdiko karrikaren bide-egoera konpondu beharko du, eta  NA-4000 errepidea oinezkoendako moldatu beharko du Albistur, hirigune historikoa eta Otsango auzoa oinez lotzeko.

Otsango auzoan espazioak berrantolatuko ditu eta Zambra eraikinaren egoerari erantzuna emanen dio, baita Lesakako osasun-etxea handitzeko ekipamendu-beharrari ere.

Informazio + www.lesaka.eus

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun