Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastorala idatzi du Mikel Taberna idazleak

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 21a, 14:00

Julia Fernandez Zabaleta maistrari buruzko pastorala jokatuko dute Iruñean maiatzaren 4an eta 12an. Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak antolatu du, eta Iruñean bizi den Mikel Taberna idazle beratarra arduratu da testua idazteaz. 

Julia Fernandez Zabaleta Iruñean sortu zen 1898.urtean. Gazte zela euskaldundu, eta irakasle ikasketak egin zituen. 192tik 1936ra arte maistra lanetan aritu zen Iruñean, altxamendu frankistak bidea eten zion arte. 1950eko hamarkadaren bukaeran lortu zuen berriz ere maistra gisa aritzea. Iruñean euskalgintzaren sustatzaile garrantzitsua izan zen eta emakumeen aldeko eskubideen borrokan ere aritu zen.

Julia Fernandez Zabaleta pastorala. Emakume aitzindariak izeneko pastoralean bildu dute bere bizitza, eta beratar bat, Mikel Taberna aritu da idazle lanetan.  Lehen aldikoz aritu da Taberna langintza horretan, eta pastoralaren aurkezpenean kontatu zuenez, «idazten eta dokumentatzen» aritu dira aldi berean: «Bi urte eman ditugu murgilduak beste mundu batean; jauzi egin dugu beste garai batera, bilatzen eta biltzen». Lana sortzeko Fernandez Zabaleta ezagutu zuten zenbait lagunekin solastatu dira antolatzaileak, batik bat ikasle izan zituen batzuekin, eta, Tabernaren erranetan, «hunkigarria» izan da. 

Pastorala Iruñeko Alde Zaharrean dagoen San Frantzisko eskolako patioan emanen dute, —han aritu zen lanean Fernandez Zabaleta—, maiatzaren 4an,  17:00etan eta 12an, 11:00etan. Zaldiko Maldikoren bueltako kideak ariko dira arizale eta musikari lanetan. Sarrerei dagokionez, 10 euroan salduko dute Fernandez Zabaletari buruzko liburuxka, eta hori izanen da sarrera moduan erabiliko dutena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun