Lanak gehienez ere DIN A4 formatuko bi orrialdeko luzera izaten ahal du eta irudi edo argazkiz lagunduak joaten ahal dira. Gainera, jorratzen ahal diren gaiak Berarekin erlazionatuak izan behar dute: historiarekin, kulturarekin, herriko eragileekin, bitxikeriekin...
Lanak euskaraz zein gaztelaniaz bidaltzen ahal dira, nahiz eta euskarazkoek lehentasuna izanen duten. Antolatzaileek, gainera, lanak euskaratzeko eskubidea izanen dute hala nahi izanez gero.
Ez dute onartuko pertsona edo talderen bat mindu edo iraindu dezakeen testurik, eta kasu horretan Berako Udalak eta Kultur Batzordeak testu horiek baztertzeko eskumen osoa izanen dute. Gainera, bi horiek ez dute zertan bat etorri behar aldizkarian argitaratutako iritziekin.
Lanak bidaltzeko azken eguna ekainaren 7a, ortziralea izanen da eta kultura@bera.eus helbidera bidali behar dira, edota bertzela Kultur Etxera eraman. Bigarren kasu horretan ahal dela lanak formatu digitalean eramateko eskatu dute.
Testuarekin batera egilearen izen-abizenak eta nortasun agiria aurkeztu beharko dira nahitaez. Hauekin batera goitizenak paratu ahalko dira baina betiere izen-deiturak paratuz gero. Elkarte edota erakunde baten izenean idazten denean, horien izena paratuko da baina beti erakunde horren izenean norbanako batek sinatu beharko du.