Maiatzaren 11-12ko asteburuan Lesakan jokatuko den II. Bizibide enduro lasterketarako izena emateko epea zabalik

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 18a, 12:00
Maiatzaren 11n Lesakako karriketan ibiliko dira enduro txirrindulariak. Argazkia: Saiz Photos

Maiatzaren 11-12ko asteburuan, Lesakan, II. Bizibide Enduro Lasterketa jokatuko dute. Iaz bezala, larunbatean sailkapen-saioa izanen da herriko karriketan barrena eta igande goizean lasterketa Bizibideko ibilbideetako lau zati kronometratuekin. Lasterketan parte hartzeko inskripzioak ireki berri dituzte eta nahi duenak izena eman dezake hemen sartuta.

Igandeko ibilbidearen track-a, kategoriak, prezioa, araudia, eta informazio gehiago ere kontsulta daiteke webgune horretan.

Igandean Bizibideko lau ibilbide izanen dituzte txirrindulariek. Argazkia: Saiz Photos

 

Bizibide Enduro Lasterketa, II.Sustrails Open Enduro BTT txapelketarako puntuagarria izanen da. Txapelketa honek, Euskal Herriko sei enduro lasterketa hartzen ditu bere gain: Bizibide-Lesakakoa maiatzaren 11n eta 12an, Larra-Belagua ekainaren 1ean eta 2an, Arrasate ekainaren 29an eta 30ean, Eremua irailaren 7an eta 8an, Basaburua irailaren 28an eta 29an eta Irrisarri Land urriaren 19an eta 20an. Izena ematean, aukera dago Lesakako lasterketaz gain, Sustrails-eko pack-a eskuratzeko. Modu honetan, sei lasterketetarako izen-ematea lortzen da, prezio berezi batean. Pack hau erosteko esteka

Lesakako Udalak, enduro lasterketaren aitzineko astean eta hurrengoan publiko guztientzako bizikletaren inguruko jarduerak antolatuko ditu herrian. Datak hurbildu ahala, informazio guztia helaraziko dute sare sozialetan, prentsan, webgunean eta kartelen bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun