«Denok dugu zainduak izateko beharra bizitzan zehar eta zaintza lanak hagitz mailan desorekatuan egiten dira», nabarmendu du Bortzirietako Berdintasun Teknikariak. Berdintasun Zerbitzua dagoeneko hasi da diagnostikoa egiten Emagin elkartearekin batera eta bortz herrietako udalen, gizarte zerbitzuen eta mugimendu feministaren babesa ere badu diagnostikoak.
Hiru helburu nagusi ditu diagnostikoak: batetik, zaintza lanak demokratizatzeko, Bortzirietako zaintza lanen antolaketen inguruko diagnostikoa egitea parte hartze prozesu baten bidez; bertzetik, gaur egungo zaintza lanen antolaketaren gaineko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatzea orotariko ordezkari, eragile eta herritarren artean, eta azkenik, zaintza lanen eraldaketarako prozesuak abiatzeko, artikulazio publiko komunitariorako egiturak sortzea.
Berdintasun Batzordeak azaldu duenez, oraindik hasierako fasean daude. Horregatik, Bortzirietako ordezkariak, eragileak eta herritarrak gonbidatu dituzte diagnostikoa egiteko antolatuko dituzten saioetan parte hartzera. Oraindik ez dute datarik zehaztu.