Berako bestak antolatzen ari da Besta Batzordea, eta aurten ere bestetako egitarauaren azalerako lehiaketa antolatu du. Aurkeztutako lanek Berako bestetako giroa islatu beharko dute, eta azalean Berako Bestak 2024 testua agertu beharko da nahitaez, gainera, ezin izanen du bertzelako testurik izan. Egile bakoitzak nahi adina lan aurkezten ahalko ditu.
Aurkeztutako argazkiak edo irudiak kolorezkoak izanen dira, ez da diapositibarik onartuko. Lanak paperean aurkeztu beharko dira, eta 18x27 zentimetroko formatu bertikalean. Euskarri gogor batean aurkeztu beharko dira eta egoki paketatuak.
Estiloari dagokionez, teknika librea izanen da, betiere bestetako giroa islatzen badu. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, ezin dira izan bertze lehiaketetan aurkeztutako lanak ez eta bertze lan batzuen kopia edo plagioak aurkeztu, ezta bertze artista batenak ere.
Lanak aurkezteari dagokionez, maiatzaren 31ko 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira herriko etxeko bulegoan. Aurkeztutako lanaren gibelean goitizen bat bakarrik paratu beharko da –egilearen izena agertutako lanak ez dira onartuko–, eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz.
Gutun-azalaren barrenean datu hauek agertu beharko dira derrigorrez: izen-abizenak, adina, helbidea (karrika, etorbidea, plaza, etab. zenbakia eta solairua; posta kodea, herria eta probintzia), telefonoa eta posta elektronikoa.
Herri bozketa
Lehiaketako irabazlea Bera Hurbil aplikazioaren bidez egindako herri bozketaren bidez erabakiko da. Lan saridunaren jabea Berako Udala izanen da eta bere iragarpen, argitalpen, zabalkunde eta abarren eskubide guztiak altxatuko ditu beretzat eta horietan lan saridunaren izena emanen dute. Irabazleak 400 euroko saria jasoko du, eta horri %15eko atxikipena kendu beharko zaio.