Hainbat borroka eta mobilizazio izan dituzte hizpide pentsiodunek apirileko elkarretaratzean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 16a, 13:00

Hilabeteko hirugarren astelehena izanda, elkarretaratzea egin zuten atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Lesakako plazan egin zuten hitzordua eta eskualdeko eta Euskal Herriko bertze hainbat txokotako borrokez oroitu ziren. 32 lagun bildu ziren.

Bertzeak bertze, igande honetan, EAEn legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak izanen direla aipatu zuten, eta horren bueltan, aste honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek ibilbide feminista antolatu dutela oroitarazi zuten. Bihar, asteazkena, izanen da, Gasteizen, «pentsio duinaren alde eta pentsioetan eta soldatetan genero arrakala desagertzeko» eskatuz. Ortzegunean, berriz, pentsiodunen mugimenduak manifestazioa antolatu du 1.080 euroko guttiengo pentsioa aldarrikatzeko. 

Osasun arretari lotuta, Osakidetzako kontuak ere aipatu zituzten Baztan-Bidasoko pentsiodunek atzoko agerraldian. «Jaurlaritzak zioen Osakidetza ongi zegoela, gauzak ongi egiten ari zirela... Baina errealitatea bertzelakoa da, eta hauteskunde kanpainak etorri behar izan du errealitatea aitortzeko. Orain etorri dira promesak, inbertsio propaganda eta eraikin berriak. Baina jarrera honek ez du sinesgarritasunik». Gaineratu zutenez, «horren adierazle nagusia da Bidasoa ospitalea. Jaurlaritzak promesak egin zituen, baina bete ez». Larunbatean Osasun Bidasoa Plataformak antolatuta Irunen egindako manifestazioa «jendetsua» izan zela ere nabarmendu zuten atzo. Eta osasun sistemari lotuta, Leitzaldean pediatra eskatuz egiten ari diren mobilizazioak ere hartu zituzten hizpide.

Gainerakoan, maiatzaren 11n Iruñean egitekoa den alternatiba ekosozial justuaren aldeko jardunaldiaz aritu ziren. Jardunaldi horiek prestatzen ari dira eta Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariak ere parte hartzen ari direla jakinarazi zuten.

Bertzetik, joan den larunbatean «makroproiektuak eraikitzeko zenbait asmo salatuz» Azpeitian egin zen manifestazioaz ere oroitu ziren Baztan-Bidasoko pentsiodunak, eta tartean, Erdiz Bizirik-en egoera ekarri zuten mahai gainera: «Nafarroako Gobernuak baztandarroi hitza kentzeko erabakia hartu du, UGPSren bidez».

Aitzineko hitzorduetan bezala, «Israel Palestinaren kontra egiten ari den genozidioa» salatuz eta Palestinako herriaren aldeko mezuekin borobildu zuten atzoko elkarretaratzea: «Elkartasun uholdea handitzen ari bada ere, sarraskiak segitzen du». Eta hala, «ozenki» salatu zuten «nazioarteko eragile nagusiek benetako neurririk ez hartu nahi izatea. Palestina askatu, Palestina aurrera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun