Dortsal guztiak agortuta direla jokatuko dute igandean Berako Mendi Maratoi Erdiaren 18. edizioa

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 11a, 14:00
Bi lasterkari iaz helmuga puntura iristen.

Maratoi erdiaz gain, igandean gazteentzako Gazte Trail lasterketa jokatuko dute, eta larunbatean haurrentzako Ttiki Trail. Horrez gain, '212 mountains' dokumentala ikusteko aukera izanen da larunbatean Kultur Etxean.

500dik gora parte hartzaile arituko dira Berako Mendi Maratoi Erdiaren 18. edizioan igandean. Martxoaren hasieran eskuragarri paratutako 525 dortsalak bukatu egin dira, eta lasterketak berriz ere bortzehun korrikalari baino gehiago izango ditu.

Oier Ariznabarreta, Berako Maratoi Erdiko azken zortzi edizioen irabazlea, baja izan da eta ez da irteera-puntuan egonen. Durangoko korrikalaria, 2014tik errekorra daukana (1.37.30)  ez egoteak faboritoen zerrenda zabaltzen du. Irteeran izanen dira Josu Urrestarazu, iazko borzgarrena eta aurtengo Sara Korrikaren irabazlea; Xabi Zarranz, 2019an hirugarrena; eta Damien Saint Martin, 2023an seigarrena.

Emakumezkoen kategorian Maddalen Jimenez eta Ane Elzaurdia, iazko bigarrena eta hirugarrena, eta Maria Zorroza, 2017ko irabazlea, lehiatuko dira, bertzeak bertze. Denera 89 emakumek hartuko dute parte lasterketan

Korrikalarien artean Luis Lasa tolosarrak ez du hutsik eginen, orain arteko 17 edizioetan parte hartu du lasterkariak. Gainera, Berako 26 korrikalari ere izanen dira, horietatik 11 emakumeak.

Goizeko 09:30ean izanen da irteera, eta lehen korrikalaria 11:10 aldera iristea aurreikusten da. Gainera, ez dira faltako parte-hartzaileen arteko ohiko zozketak, ez eta Ricardo Baroja Eskolako pilotalekuan sari banaketa ondotik zerbitzatzen den luntxa ere.

Zazpi aldiz lasterketa irabazi duen Oier Ariznabarreta ez da irteera puntuan izanen aurten.

Guztira, gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuetako lehenengo bost sailkatuen artean 1.750 euro banatuko dira esku dirutan, gizonezkoen eta emakumezkoen errekor bakoitzerako bertze 150 euro ere erreserbatu dituzte, eta baita Ibardingo tarteko helmugarako bertze 150 euro.

Plastikozko edalontzirik ez anoa puntuetan

Berako Mendi Maratoi Erdiak ohiko anoa-puntu guztiak mantenduko ditu, baina ez da plastikozko edalontzirik egonen. Mendiko lasterketetan ohikoa den bezala, korrikalari bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du anoa-puntuetan urez edo edari isotonikoz hornitzeko. Hala, lasterketaren ingurune naturalean plastikoaren erabilera murriztu nahi dute.

Gazte Trail lasterketa

Manttalek berriro antolatuko du Gazte Traila, 14 eta 18 urte bitarteko gaztetxoentzako lasterketa. Probak 9,5 kilometroko ibilbidea izanen du, 387 metroko desnibela, eta bi kategoria: 2006-2007an jaiotako korrikalarientzat bat, eta bertzea 2008an, 2009an eta 2010ean jaiotakoentzat.

Lasterketa 10.00etan aterako da, eta azken zatia mendi maratoi erdian egiten den ibilbidearen antzekoa izanen da.

Lasterketa ikusteko txangoak

Azken urteetan bezala, aurten ere lasterketa ikusteko bi txango antolatu ditu Manttalek. Lehenengoa 08:30ean aterako da irteera puntutik, eta Larhunera igoko dira. Denera 14 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Bigarrena aldiz, 09:00etan aterako da eta Usategietan barna Landagainetara joanen dira. 10 kilometroko ibilbidea osatuko dute.

Haurrentzako lasterketa

Lasterketaren bezperan ere haurrentzako lasterketak eginen dituzte Matzadako futbol-zelaiaren inguruan. Izen-ematea 15:00etan irekiko dute eta lasterketak 16:00etatik aurrera eginen dituzte, lau kategoria eta distantziatan banatuta:

  • 6-7 urte. (2017-2018an jaioak). 250 metro
  • 8-9 urte. (2015-2016an jaioak). 650 metro
  • 10-11 urte. (2013-2014an jaioak). 1.450 metro
  • 12-13 urte. (2011-2012an jaioak). 2.050 metro

Izen-emateak doakoak dira eta www.manntale.com edo lasterketen egun berean egin daitezke. Irabazleek ez dute saririk izanen, baina parte-hartzaile guztiek opari bana jasoko dute. 6 urtetik beheitikoek ere parte hartu dezakete. Lasterketen amaieran merienda eginen da parte-hartzaile guztientzat.

Xabier Zarranzen '212 mountains' dokumentala larunbatean

Lasterketako aperitibo gisa, apirilaren 13an, larunbata, 19.00etatik aurrera Berako kultur etxean Xabi Zarranzen 212 mountains dokumentala proiektatuko dute. Luis Arrietak zuzenduta, Bilbao Bizkaia Film Festival entzutetsuaren azken edizioan parte hartu zuen zintak, eta Zarranzek 3.000 metrotik gorako Pirinioetako 212 mendietan oinez zein bizikletaz egindako ibilaldia kontatzen du.

Korrikalariak berak aurkeztuko du dokumentala, eta biharamunean lasterketan parte hartuko du.

Euskaraz proiektatuko den eta gaztelaniazko azpitituluak dituen dokumentala ikusteko sarrerak 3 eurotan eskuragai izanen dira, proiekzioaren egunean bertan, kultur etxean.

Ordutegiak

Parte hartzaileentzako interesgarriak diren hainbat ordutegi ere jakinarazi ditu Manttalek. Alde batetik, larunbatean, 17:00etatik 18:30etara irekiko dute dortsalak hartzeko aukera Berako kiroldegian.

Igandean, berriz, 08:00etatik 09:00etara hartzen ahalko dira, eta 09:30ean hasiko da lasterketa. Ordu erdi beranduago aterako dira Gazte Traileko parte hartzaileak.

Lehen korrikalaria 11:10 aldean ailegatzea aurreikusi dute, eta azken korrikalaria, berriz, 12:50ak aldera. 13:30ean sari banaketa eginen dute Ricardo Barojako patioan, eta ondotik luntxa frontoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun