Mus txapelketa jokatuko dute igandean Berako Ansonea ostatuan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 10a, 11:00

Azken aldian musean aritzea maite dutenen bilgunea bihurtu da Berako Ansonea ostatua. Astero elkartzen dira mus txapelketa azkarra egiteko, ortzirale arratsetan normalki. Aste honetan, ordea, igandean eginen dute.

Sari ederrak izanen dituzte, gainera. Irabazleek 1.200 euro eta txapelak hartuko dituzte saritzat, bigarren postua lortzen dutenek 600 euro eta bi botila cava eta hirugarren postua lortzen dutenek 300 euro eta bi botila ardo.

Gainera, txapelketako lehen kanporatuek bertze txapelketa bat jokatzeko aukera izanen dute 15 euro ordainduta. Kasu horretan irabazleek bildotsa hartuko dute saritzat, eta bigarren postua lortzen dutenek Magnum botila bat ardo.

Ekainaren 16an, igandea, berriz ere jokatuko dute txapelketa, sari berberekin. Bitartean, ortziralero mus tximista txapelketa antolatzen segituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun