Ttiki Trail lasterketa jokatuko dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 8a, 17:00

Kirol asteburu betea izanen dute Beran. Igandean ospatuko dute Mendi Maratoi Erdiaren XVIII. aldia, eta aitzinetik, larunbatean haurrentzako Ttiki Trail lasterketa eginen dute. Iluntzean '212 mountains' dokumentalaren emanaldia izanen da.

Lasterketa Matzada futbol zelaiaren inguruan eginen dute, eta lau kategoriatan banatuta, 6 eta 13 urte arteko haurrek hartzen ahal dute parte.

Ibilbideari dagokionez, 6 eta 7 urteko haurrek 250 metroko ibilbidea osatu beharko dute; 8 eta 9 urtekoek 650 metrokoa, 10 eta 11 urtekoek 1.450 metrokoa eta helduenek, 12 eta 13 urtekoek, 2.050 metrokoa.

Ordutegiari dagokionez, 15:00etan irekiko da izen ematea, eta 16:00etan hasiko da ttikienen lasterketa. 8 eta 9 urtekoena 16:20an izanen da, 10 eta 11 urtekoena 16:45ean eta helduenena 17:15ean.

Irabazleentzat ez da saririk izanen, eta horren ordez parte hartzaile bakoitzari emanen diote opari ttiki bat, eta ondotik baita berendua ere. Izen ematea doakoa izanen da eta egunean bertan, zein aitzinetik galdetegi hau beteta egiten ahalko da.

'212 mountains' dokumentalaren emanaldia

Haurrentzako lasterketaz gain, larunbatean, 19:00etan 212 mountains izeneko dokumentala emanen dute Berako Kultur Etxean. Emanaldia 19:00etan izanen da euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin.

Dokumentalak hainbat urtez Berako lasterketa osatu duen Xabier Zarranzen historia biltzen du. 20 urtez mendi lasterketetan lehiatu ondotik, Euskal Selekzioko taldea utzi eta eliteko txapelketetatik aldentzea erabaki zuen Zarranek 2019an. Erabakia hartu zuen urte berean, ustekabean, Espainiar estatuko zirkuituko ultra garrantzitsuenetako bi irabazi zituen: Gran Trail Aneto-Posets eta Canfranc-Canfranc.  Horrek bere etorkizunari buruz hausnartzera bultzatu zuten berriro, eta bidean, zeharkaldi bat osatu zuen Pirinioetan, 3.000 metrotik gorako 212 tontorretako batzuetan barrena, Balaitus (3.144 m) eta Pica d'Estats (3.143 m) lotuz.

Dokumentala ikusteaz gain,, mendi maratoi erdia eginen dutenek dortsala hartzeko aukera izanen dute Toki Ona kiroldegian 17:00etatik 18:30era.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun