Itsaso Elizagoien

«Trikitixa Euskal Herrira ailegatu zenetik gelditu gabe egokitzen ari da»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 7a, 08:00

Itsaso Elizagoienek trikitixa du ogibide. Argazkia: Sergi Paramès

Itsaso ELIZAGOIEN BIZENTE, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria

Bere ametsa egia bihurtuta, musikatik bizi da gaur egun Etxalarko trikitilaria. Horrez gain, berriki Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari kargua hartu du.

Aski gazterik hasi zen trikitixa jotzen eta pandereta astintzen Itsaso Elizagoien Bizente (Etxalar, 1995), baina aldi berean, berak nahi baino beranduago. Gogoan du «kotxean Tapia eta Leturia kasetean aditu bidenabar, ahizpa eta biok trikitixa eta pandereta jotzen ari ginenaren plantak» egiten zituztela. «Ahizpa etxean trikitixa entseatzen ikusten nuenean», hura hartzeko desiratzen egoten omen zen. Bortz urterekin, ordea, gazteegia ikasten hasteko, eta «Irunek [ahizpa] klaseetan ikasten zuena erakusten zidan. Azkenean, sei urterekin hasi nintzen Lesakako Ione Elgorriagarekin ikasten». Geroztik urte batzuk pasatu dira, eta trikitixaren doinuan ibilbide ederra osatzen ari da. Gaur egun, musikatik bizi da, eta berriki, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari izendatu dute.  

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari kargua hartu berria duzu... 

Bai, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen joan den urteko batzar orokorrean egin genuen aldaketa. Agurtzane Elustondori hartu diot erreleboa. Urte aunitzen ondotik, zuzendaritza taldea uztea erabaki zuen eta zuzendaritzak lehendakari posturako egokiena ni izanen nintzela proposatu zuen.

Lehenagotik lehendakariorde izana zara...

Bai. Elkarteko zuzendaritzan orain dela zortzi bat urte sartu nintzen. Lehenbiziko bortz urteetan bokala izan nintzen, ondoko bizpahiru urteetan lehendakariorde eta azken urtean lehendakari.

Orain artekoaz zer balorazio eginen zenuke? 

Orain arte lana gogotik egin da. Boluntario lana izaten da gehien-gehienetan, baina hagitz beharrezkoa horrelako elkarteak aitzinera ateratzeko. Hagitz gustura nago denon artean proiektu politak egiten ditugulako. Militantziatik aunitz du egiten dugunak: maite dugun instrumentu eta mundu ttiki horri merezi duen lekua eta balioa eman nahi diogu. 

Itsaso Elizagoien Jon Pilatzke biolinistarekin. Argazkia: Mil Lenni.

Zein dira elkartearen helburuak? 

Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen helburu nagusiak ondare hau babestea eta zabaltzea dira. Bide horretan, bilketa lana da nagusi, baina bertze hainbat proiektu aitzinera ateratzen saiatzen gara: jaialdiak eta jardunaldiak antolatuz, liburuak eta diskoak argitaratuz... Lehengo eta oraingo trikitilarien arteko zubigintzan lan egiten du elkarteak eta trikitixaren bilgune izan nahi du.  

«Lehengo eta oraingo trikitilarien arteko zubigintzan lan egiten du elkarteak»

Zein dira esku artean dituen proiektu horiek? 

Urtero 15-20 bat proiektu egiten ditugu, eta batzuk aipatzen hasita, biografia liburuak, trikitixa udalekuak eta topaketak, cover lehiaketa [edozein garai eta estilotako euskal kantak hartuta, trikitixarekin eta panderetarekin bertsioak egiteko lehiaketa], sanjosetako Trikitixa Jaialdia Azpeitian [Gipuzkoa]... Hainbat zerbitzu ematen ditu elkarteak: fakturazio zerbitzua, dokumentazioa...

Zein da bere funtzionamendua? 

Elkarteko organigramaren gailurrean bazkide guztiek osatzen duten batzar orokorra dago. Gaur egun, 400-500 bat bazkide gara. Horren azpitik zuzendaritza batzordea dago eta horren barrenean bokalak, diruzaina, idazkariak, lehendakariordea eta lehendakaria.Horrez gain, bi liberatu daude. Proiektuka lan egiten dugu eta proiektu bakoitzak eskatzen duenaren arabera, zuzendaritzako kideak talde eragileetan banatzen gara.  

Elkartea egoera onean dago? 

Azken urteotan elkartearen lan egiteko modua aldatzen ari da. Egungo egoerari eta eskaerei behar duten erantzuna ematea da helburuetako bat, gure aitzinekoek eman zutena bildu behar dugula atzendu gabe. Instituzio publikoetatik dirulaguntzak hartzen baditugu ere, bazkideen babesa hagitz beharrezkoa da. Euskal Herrian trikitixa edo pandereta jotzen dutenen, edo bertzerik gabe, zaleak direnen kopurua bazkide direnekin konparatzen badugu, oraindik hagitz urruti gaude. Elkartea egoera onean badago ere, indartzeko beharrezkoa da jende hori elkartera nolabait hurbiltzea eta bazkide egitea. Bertzetik, elkartea handitzeko momentua ailegatu dela ohartuak gara eta 2024ko helburuetako bat bi liberatutik hirura pasatzea da.  

«Bazkideen babesa hagitz beharrezkoa da»

Zer bide egin du elkarteak? 

1972an Gipuzkoan zenbait trikitilarik elkartzeko zuten beharrez oharturik, Sakabi eta Egañazpi trikitilariei omenaldia antolatu zieten Usurbilen [Gipuzkoa]. Hori izan zen trikitilariak elkartzen hasi ziren urtea. Hala ere, ofizialki 1990. urtean sortu zuten elkartea. 1996an boluntario talde baten eskutik, gaur egun egiten den zabaltze lana hasi zuten. 2000an lehenbiziko kudeatzaileak sartu ziren ordura arte boluntarioek egindako lana indartuz. Elkartearen historia biltzen duen liburua 2024an argitaratuko dugu. 

Aspaldiko urteetan ez da txapelketa nagusirik egin. Zergatik? 

Horrelako ekitaldi bat ez egiteko arrazoi aunitz izanen dira, eta seguru nago horietako aunitz ez ditudala jakinen. 1991n egin zen azken aldiz Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa Nagusia. Geroztik gazteenak egin dira, baina txapelketa nagusirik ez. 

Berriz eginen ote da? 

2017an Markinan [Bizkaia] helduen lehenbiziko txapelketa antolatu zuten. Bi urtez behin egiten da, eta aurten, laugarren edizioa eginen dute maiatzean. 

Elizagoien ahizpak haurrak zirela: ezkerrean Itsaso eta eskuinean Irune.

 
Zu ere txapelketetan ibilitakoa zara ahizparekin. Orduko nolako oroitzapenak dituzu? 

Lan aunitzeko urteak izan ziren. Txapelketetarako prestatzeak ordu aunitz entseatzea eskatzen zuen. Baina horrekin teknika aunitz hobetu nuen eta gaur egun naizena, neurri handi batean, garai hartako lanari zor diot. Bertzetik, lagun talde polita osatu genuen. Txapelketetan elkarren kontra aritzen baginen ere, oraindik denekin harreman ona dugu. 

Trikitixaren mundua nola ikusten duzu gaur egun? 

Trikitixaren mundua aldatu da, noski. Eta hala behar du bizirik irauteko. Nondik heldu garen oroitu behar dugu, eta hori mantentzearen eta zaintzearen aldekoa naiz. Baina tradizioak segitzeko berriak ere sortu behar du. Horretan trikitixak indar berezia du, genero guztietara moldatzen jakin duelako. Eta espero dut horrela segituko duela denbora luzean. 

Beraz, trikitixa bertze estiloetara egokitu dela erranen zenuke? 

Gaur egun normala iruditzen zaigu fandangoak eta arin-arinak trikitixarekin aditzea. Baina jotzen ditugun kanta horietako aunitz txistutik, albokatik edo akordeoitik hartuak izan dira. Rantxerak eta balsak ere gureak balira bezala jotzen ditugu, eta aunitz Mexikotik ekarritako melodiak dira. Horrekin erran nahi dut trikitixak gaur egungo garaietara egokitzen jakin duela, eta gehiago ere egin duela: trikitixa Euskal Herrira ailegatu zenetik gelditu gabeko egokitzapenean ari da. 90eko hamarkadan, adibidez, poparen boomera egokitu zen. Eta egun, irratietan soinu ttikia aditzen ahal dugu, gaur egungo musika estiloetara egokitu delako. 

Trikitixak ate aunitz ireki dizkizu? 

Trikitixarekin jende eta leku aunitz ezagutu dut. Berari esker naiz gaur egun naizena. Ezin dut imajinatu nolakoa izanen litzatekeen nire bizitza trikitixarik joko ez banu. Orain dela urte batzuk sinetsiko ez banu ere, egun nire ogibidea da.

Elizagoien Carlos Nuñez gaita jotzailearekin eta Jon Pilatzke biolinistarekin.

Carlos Nuñez gaita jotzailearekin ere urteak daramatzazu. Zer izan da hori zure ibilbidean? 

Suerte handia izan nuen bera ezagututa. Berarekin aunitz ikasi dut eta berari esker, trikitixa jotzea nire lanbide bihurtu da. Ez da erraza musikatik bizitzea. Horrez gain, behin ere imajinatuko ez nukeen jendearekin eszenatokia elkarbanatu dut, eta hori ere berari zor diot. Eta maila pertsonalagoan, berak exijitzen duen maila emateko aunitz ikasi behar izan dut. Teknika, jotzeko modua... Musikaren ikuspegia ere aldatu eta zabaldu dit. 

Itsaso Elizagoien ezkerrean Sharon Shannon musikari irlandarrarekin. utzitakoa

Zure ibilbidetik zerbait gehiago nabarmenduko zenuke? 

Ahizparekin nahiz taldean egindako ibilbidea. Ahizparekin auzoko bestetan egin nuen nire lehenbiziko erromeria. Erromeria eta txapelketa andanaren ondotik etorri zen Dantzadi taldea. Taldearekin ere urteak egin genituen erromeriaz erromeria Euskal Herrian barna. Taldearekin segitzen ez badugu ere, ahizpa eta biok ahal dugun neurrian oraindik ere eusten diegu erromeriei. Azken finean, erromerien mundua, Carlosek eman didanarekin batera, ni naizena da. Ahizparekin egin dudan ibilbide hori tarteko, jende aunitz ezagutu dut eta horixe da musikak eman didan garrantzitsuena.  

Nolako etorkizuna ikusten diozu trikitixari?

Etorkizun oparoa izanen du bide honetatik segitzen badu bederen. Hala ere, gaur egungo irakasleen esku dago ikasleei trikitixaren abaniko zabala transmititzea. Etorkizunean irauteko, garrantzitsua da izan garena, garena eta izanen direna erakustea. Aipatutako afizioa errotzeko beharrezkoa ikusten dut irakasleen lana. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun