Munduko txirrindularitza txapelketarako txartela lortu du Luziano Mitxelena lesakarrak Vila-realen irabazita

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 3a, 15:00
Luziano Mitxelenak garaipena lortu zuen Vila-realen eta, horri esker, irailaren 1ean Danimarkan jokatuko den munduko txirrindularitza txapelketan parte hartzeko aukera izanen du.

Master 70-74 kategorian lehiatuko da irailaren 1ean Danimarkan

Beti Gazte klubeko eta Transbidasoa-Inurrieta taldeko Luziano Mitxelena txirrindulari lesakarrak Castellongo Vila-realen martxoaren 10ean jokatutako The Millars UCI Gran Fondo World Series master mailako mundialerako sailkatze proban nagusitu zen 70 eta 74 urte arteko kategorian eta, modu horretan, irailaren 1ean Danimarkan jokatuko den munduko txirrindularitza txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du.

Oraingoan, Beti Gazteko txirrindulari beteranoak 180 kilometro luze eta 3.000 metrotik goitiko desnibel metatua zuen probari aurre egin behar izan zion eta horretarako bortz mendate gainditu behar izan zituen. Denera, 5 ordu, 58 minutu eta 38 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko, bere kategorian bigarren izan zen Jose Maria Garciari 23 minutu baino gehiago aldea ateriz eta hirugarren izan zen Régis Pinsoni 38 minutu baino gehiagokoa. Mitxelenarekin batera, Ibai Bereau taldekide lesakarra ere joan zen Vila-realera eta Master 35-39 bere kategorian 51. postua lortu zuen (5.57.36).

Transbidasoa-Inurrieta taldearen hurrengo erronka Villamayor de Monjardinen hasiko den Nafarroako Kopan dago, 2024ko Kantabriako Challengean parte hartzen segitzearekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun