Autokarabanentzako zerbitzugunea paratu du Berako Udalak Matzadan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 3a, 14:00

Berako Udalak  autokarabanentzako eta furgonetentzako garbiketa-puntua duen zerbitzugune bat paratu du Matzadako aparkalekuan.  Gainera, eremu berean autokarabanentzako aparkalekuak paratu nahi dituzte.

Zerbitzuguneak ur grisen eta beltzen hustuketa zerbitzua eskaintzen ditu, eta baita ura hartzeko zerbitzua ere. Plaza horiek ez dira ibilgailu horiek iraunkorki paratzeko gunea izanen, geldialdi teknikorako eremua baizik. Alegia, aparkatzeko aukera herrira bisita egiten den denborara mugatuko da. 

Zerbitzugunearen  bidez, inguruan gero eta ohikoagoa den turismo ibiltari mota horri alternatiba egokia eman nahi dio udalak, gaur egun ez baitago behar horiek asetzeko instalazio egokirik. Autokarabanena eta furgonetena egun batzuetan gaua pasatzen duen turismoa da, eta zonaldeko inguruak bisitatzen ditu, herriko ostalaritza-zerbitzuak eta dendak erabiliz.

Udalak, halaber, Matzadako aparkalekuko plaza kopurua handitu nahi du, aparkalekuaren edukiera ahalik eta gehien erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun