Hizkuntza eta kultura aniztasun besta Beran eginen dute maiatzaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 1a, 08:00

Maiatzaren 25eko ospakizuna girotzeko, Lesakan ere eskainiko dute 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala maiatzaren 19an.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimenez, maiatzaren 10a arte eman daiteke izena parte hartzeko

Joan den udazkenaz geroztik, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimenez herritar talde bat elkarlanean ari da hizkuntza eta kultura aniztasuna, etorri berrien harrera eta integrazioa lantzen.

Lan taldea jatorri askotarikoa duten herritarrek osatzen dute eta joan den urteko urrian abiatu zen, honako helburu hauekin: etorri berrien harrera, integrazioa eta aniztasunaren gaiak elkarlanean lantzea, hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jartzea, herritarren elkar ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzea eta jatorri anitzetako herritarrei euskara hurbiltzea.

Taldeak bere burua aurkezteko Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren emanaldia antolatu zuen Beran joan den abenduaren 17an. Dokumentalean Afrikatik Europa Iparraldera heldu diren migratzaileen gaia jorratzen da, giza eskubideen ikuspegitik, eta harrera, elkartasuna, aniztasuna eta integrazioa lantzen dira.

Maiatzaren 25ean besta Beran

Aniztasun taldeak besta eguna antolatu du maiatzaren 25ean, Beran. Herritarrek elkar ezagutzea eta sentsibilizatzea izanen dira helburuak, betiere giro alai batean. Dantzak, musika eta janari goxoa ez dira faltako arratsalde partetik aitzinera. Aniztasun taldeko kideak herritar eta elkarteekin biltzen hasiak dira, bestan parte hartu dezaten. Bereziki, guraso elkarteengana joko dute, jatorri anitzetako gurasoei proposatzeko bestan txoko bat izan dezaten, nahi izanez gero euren jatorriko herrialdeko jai goxoren bat eskaintzeko, euren hizkuntza eta kulturari buruzko gairen batekin, eta beti ere hizkuntza aniztasunari ikusgarritasuna ematen (idatzitako elementuetan, musikan, ahozko erabileran, eta abar).

Maiatzaren 10 arte eman daiteke parte-hartzeko izena, Bortzirietako Euskara mankomunitatearen 948 63 41 25 telefonora deituz edo euskara@bortziriak.eus helbide elektronikoan.

 

MAIATZAREN 25EKO EGITARAUA

  • 17:00etan, Ongi etorri Berara. Bisita gidatua.
  • 18:30ean, Euskal dantza tailerra.
  • 20:00etan, Janari dastaketa.
  • 22:00etan, “La Jodedera” taldearen kontzertua.
  •  

NOLA PARTE HARTU?

  • Bertara etorrita besta giroaz gozatzera.
  • Zure herrialde edo kulturako jaki goxo bat prestatuta, edo pintxo goxo batzuk.
  • Zure kultura edo hizkuntza(k) agertuta, modu hauetara:
    • Abesti bat aukeratu; guk inprimatuko dugu eta euskarara itzuliko. Abesti horrekin eta bertze guztiekin Playlist bat eginen dugu, besta gunea girotzeko.
    • Herrialde edo kulturaren izenarekin txartela prestatuko dute.

 

Horrez gain, besta eguna girotzeko Bidasoa 2018-2023 dokumentala Lesakan ikusteko aukera izanen da, maiatzaren 19an, 18:00etan, Harriondoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun