Migratzaileek euskararekin duten harremana aztertzen ari dira 'Pello Apezetxea Zubiri' bekan

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 29a, 09:00

Jon Martin Etxebeste, Paula Laita Pallares eta Ane Osua Cabida ikertzaileak ari dira ikerketa garatzean eta uztailean aurkeztuko dituzte ondorioak.

Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak aztertzen ari dira Paula Laita Pallares, Ane Osua Cabida eta Jon Martin Etxebeste ikertzaileak. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak emandako Pello Apezetxea Zubiri bekaren irabazleak izan ziren, eta abenduan hasi ziren lanarekin.

Uztailean aurkeztuko dute lana, eta proiektuaren erdia garatua dute dagoeneko. Hala azaldu dio TTIPI-TTAPAri Paula Laita ikertzaileak. «Lehenengo hilabeteetan batez ere plangintza idazten eta marko teorikoa lantzen aritu ginen eta orain datu bilketa eta  eztabaida taldeak egiten ari gara». Horretarako Bortzirietako eskolekin eta IKA euskaltegiarekin paratu ziren harremanetan, datu bilketa bideratzeko.

Igantziko eskolak izan ezik—bertan ez baitago familia migratzailerik—, gainerako ikastetxe guztietan ari dira lanketa egiten, LHko borzgarren eta seigarren mailan, eta baita DBH, Batxilergoko eta lanbide heziketan ere. Kontatu duenez, denera 300 pertsonek bete dute galdetegia, ikasleek eta gurasoek. «Galdetegia bi hizkuntzetan bidali zaie, euskaraz eta gaztelaniaz, eta ikasleen gehienek euskaraz erantzun dute, eta gurasoen kasuan, askok gaztelaniaz betetzea erabaki dute». Bertan bildutako datuak sailkatzen ari dira orain.

Eztabaida taldeei dagokionez, migratzaileekin bakarrik egin dituzte, eta oraingoz Arantzako eta Lesakako familia batzuekin, eta IKA euskaltegiko ikasleekin egin dituzte saioak, eta Aste Saindutik bueltan, gainerako herrietan egiteko asmoa dute. «Galdetegietan datu kuantitatiboak atera nahi ditugu, eta eztabaida taldeetatik datu kualitatiboak, pertzepzioak, iritziak…», azaldu du.

«Hizkuntza faktore integratzaile ikusten dute galdetutako gehienek»

Paula Laita Pallares, ikertzailea

Oraindik ikerketaren erdian badira ere, dagoeneko ikerketa aitzinean zituzten hipotesi batzuk baieztatu ahal izan dituzte. «Lehen hizkuntza euskara dutenek, hizkuntza eta kultura lotzen dituztela baieztatu dugu, eta baita lehen hizkuntza euskara ez dutenek, euskara lanerako erabilgarria dela ikusten dutela, hau da balio instrumentala ematen diotela», azaldu du. Hizkuntzaren ezagutza eta hizkuntzarekiko atxikimenduaren artean harremana ere badela ondorioztatu dute: «Hizkuntza orduan eta gehiago kontrolatu atxikimendua handiagoa da, baita migratzaileen kasuan ere».

Euskararekiko jarreren inguruan ere datu interesgarriak lortu dituzte: «Datuek diote euskal hiztunak ez diren gehienak ez direla gaizki sentitzen euskaldunak beraiei euskaraz zuzenduz gero. Hor ikusten dugu elkarrizketa elebidunak praktika interesgarria direla egunerokorako, nahiz eta ezagutza txikia izan». Horrez gain bertze ondorio interesgarri bat ere atera dute: «Galdetutako gehienek hizkuntzaren ezagutza faktore integratzaile gisa ikusten dute».

Kultur Aniztasunaren Bestan presente

Eta hemendik aitzinera zer? Laitak azaldu duenez, datu bilketa bukatzear dira, eta bertze eztabaida talde batzuk ere eginen ditutzte ikasleekin eta gurasoekin. Horrez gain, maiatzaren 25ean Beran eginen dute Kultura Aniztasunaren Bestan postua paratuko dute, eta galdetegia betetzeko eta ikertzaileekin solasteko aukera izanen da. Proiektuaren idazketan ere ariko dira, uztailean aurkeztu behar baitute behin betiko txostena.

Eta behin txostena izanda zer? Laitak azaldu du helburua dela bertan bildutako informazioa baliagarria izatea harrera planetan zein Euskara Mankomunitatearen plan estrategikoan, migratzaileen pentsamenduak eta beharrak zein diren ikusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun