NAIARA MANZANO ALTUNA

«Arantzako mendien artean dago nire tokia»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 31a, 11:00

Erizaina ofizioz eta kirolaria afizioz, bere zaletasunez solastatu da Naiara Manzano aranztarra

Nor dugu Naiara Manzano?

Geldirik egoten ez dakien 24 urteko neska alaia, edozer gauza egiteko prest dagoena eta lagunen laguna.

Zein dira zure zaletasunak?

Kirola. Denetik probatu dut; saskibaloia, karatea, futbola… baina gaur egun korrika egitea, eskalatzea eta bizikletan ibiltzea gustatzen zait. Motorrean ibiltzea ere gaztetatik dudan zaletasuna da.

Zein ikasketa egin dituzu?

Batxilergoa amaitu eta Madrilera joan nintzen erizaintzako gradua ikastera; gazteleraz ia ez zekien neska bat Madrilen… baina ondo moldatu nintzen!

Beti izan zenuen argi erizaintza ikasi nahi zenuela?

Ez, buelta asko eman nizkion buruari, eta azkenean gurasoen laguntzaz aukeratu nuen erizaintza. Dudarik gabe erabaki zuzena izan zen; karreraz gozatu nuen eta nire lanaz ere gozatzen dut gaur egun.

Nola hasi zinen Arantzako herri kirol taldean?

Herri kirolen presentzia beti izan dut gertu, eta lehengo urtean taldekoek parte hartzea proposatu zidatenean ez nuen gehiegi pentsatu behar izan.

Zein proba egiten duzu?

Arpanean entrenatzen hasi nintzen, baina ingudean pertsona bat falta zenez hori egin nuen. Hala ere, gehien gozatzen dudana arpana da, bikoteko lanak xarma berezia baitu.

Haurrekin ere aritzen zara, ezta?

Bai, aurten hasi gara. Haurrak hasi zitzaizkigun galdezka ea beraiek ere egin zezaketeen eta irakastera animatu ginen batzuk. Gogoz eta motibatuak ikusten ditut eta haiek bezalaxe disfrutatzen dut nik ere.

Zer nahiago, Arantzako mendiak edo Donostiako hondartzak?

Jaiotzez donostiarra naizen arren, aranztar sentitu naiz etortzen hasi ginenetik. Hondartza izugarri gogoko dut baina nire tokia mendian dago.

Zer du Donostiak Arantzak ez duenik?

Gehienbat zerbitzuak, aisialdirako aukerak eta hondartza zoragarriak. Donostia hor izango dut beti, eta han ditut familia eta lagunak ere.

Eta alderantziz?

Lasaitasuna. Lanetik etorri eta bizikletan mendira joatea deskonektatzeko modurik onena da. Gainera, Arantzako jendea zoragarria da eta besoak zabalik hartu naute beti.

Zure asmoak etorkizunerako?

Kirolarekin gozatzen jarraitzea, familia eta lagunen artean zoriontsu izatea eta nire ezagutza profesionala zabaltzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun