Mintzoan Kux-kux irakurketa kluba sortuko dute Lesakako liburutegian

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 27a, 20:00
Lesakako liburutegian 3-5 urteko haurrentzako 'Mintzoan Kux-Kux' irakurketa kluba sortu nahi dute.

3-5 urteko haurrei zuzendua, apirilaren 10etik 17ra eman daiteke izena

Hiru eta bortz urte bitarteko haurrei zuzendutako Mintzoan Kux-Kux irakurketa kluba sortuko dute Lesakako liburutegian, Galtzagorri haur eta gazte literatura elkartearen eskutik, Lesakako hezkuntza komunitatearen ekimenari esker, Lesakako udalaren babesarekin. Apirilaren 26an, maiatzaren 31n eta ekainaren 14an eginen dituzte topaketak, 17:30etik 18:30era. Izen-ematea liburutegian egin behar da apirilaren 10etik 17ra, biak barne eta plaza kopuru mugatua izanen da.

Hiru ortzirale izanen dira (apirilak 26, maiatzak 31 eta ekainak 14), eta hiru saioetara etortzeko konpromisoa hartuko dute parte-hartzaileek, eta gustura, seguruenik, zeren honako helburuak dituzte egitasmo honetan:

  • Irakurzaletasuna sustatzea.
  • Kalitatezko euskal bibliografia ezagutaraztea.
  • Guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortzea.
  • Guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatzea.
  • Haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortzea.

Gurasoak eta haurrak elkarrekin etorriko dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun