Heldu den astean hasiko dira Berako Kanttonberri karrikako lanak

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 28a, 09:00

Apirilaren 2an hasi eta zazpi hilabetez auzoa eraldatzeko lanak eginen dituzte Berako Kanttonberri karrikan eta inguruetan. Sasoi enpresa arduratuko da lanak egiteaz, eta lanek iraun bitartean hainbat eragozpen izanen dira inguruan

Aste Sainduko oporrak bukatu, eta berehala hasiko dira Beran Kanttonberri karrika eta ingurua moldatzeko lanak.  Udalak Sasoi enpresari esleitu dizkio, eta gehienez ere zazpi hilabeteko epea izanen dute gauzatzeko. Lanak egiteak 1.282.600 euroko kostua  izanen du, obra zuzendaritzak 41.745 eurokoa eta proiektua idazteak, aldiz, 27.830 eurokoa. 

Lanak hiru fasetan eginen dituzte. Lehenengo fasean Zia errekaren paraleloan doan karrika eta Ekialde karrika berria eginen dituzte. Denera lanek zortzi aste irautea aurreikusi dute. Bigarren fasean, auzoko mendebaldea, zahar etxe inguruan dagoen karrika berrituko dute, eta lanek sei aste eta erdi irautea aurreikusi dute, maiatzaren bukaeran hasi, eta uztail hasieran bukatzea. Hirugarren fasea, eta luzeena, Kanttonberri karrika moldatzea izanen da. Lan horiek uztailean hasi eta irail bukaeran bukatzea da asmoa. 

Auzora sarbidea

Enpresak atarietarako eta saltokietarako sarbide segurua ziurtatuko du uneoro, oinezkoentzako korridore mugikorren eta pasabide metalikoen bidez. Era berean, larrialdi-zerbitzuek sarbide iraunkorra izanen dute. Seinaleztapen-plan koordinatu bat planteatuko dute eta lanen fase bakoitzeko bizilagunak koordinatzeaz eta informatzeaz arduratuko den pertsona bat egonen da. 

Lehen fasean, Kanttonberritik sartzen ahalko da auzora, eta ibilgailuentzako itxiko dute San Jose egoitzarako sarbidea. Bertara, Legiatik joan beharko da, osasun etxe paretik, eta horretarako hiru aparkaleku plaza kenduko dituzte. Une batzuetan Kanttonberri Eztegararekin lotzen duen zubia itxi eginen dute, eta auzoko sarrera Legia karrikatik egin beharko da. 

Osasun etxe parean daude hiru aparkalekuak kenduko dituzte San Jose egoitzarako bidea irekitzeko.

Bigarren fasean, egiten ari diren lanen arabera ezarriko dute egoitzarako eta bertako garajeetarako pasabidea, une batzuetan Legia karrikatik eta bertzeetan Kanttonberritik.

Hirugarren faseko lehen azpifasean autoak Kanttonberrira sartzen ahalko dira Legiatik, eta bigarrenean, aldiz, ez da eraginik izanen zirkulazioan.

Aparkalekuetan aldaketak

Lanak hastean, Legiako aparkaleku urdinen lau plaza kenduko dituzte, eraikuntza enpresaren etxola paratzeko. Zia errekarenen paraleloan dagoen karrikako hiru plaza ere kenduko dira, eta Legian, San Jose egoitzara sartzeko osasun zentroko bi-hiru aparkaleku kenduko dituzte. Bigarren fasean denboraldi batez egoitza pareko aparkalekuak kenduko dituzte. Hirugarrenean, aldiz, aldaketak nabarmenak izanen dira. Lehen azpifasean 5, 8 eta 10 atarietako aparkalekuak desagertuko dira, eta bigarrenean, Kanttonberriko aparkaleku denak kenduko dituzte. 

Galera hori konpentsatzeko, plaza berdeen kopuru bera ezarriko dute Toki Onan, eta baita plaza urdinak ere erosketak egiteko.

Toki Onako eremua oso egoiliarrentzako eremua izanen da.

Zaborrak

Auzoko hiru edukiontzi guneak kenduko dituzte. Behin-behinean edukiontzi linea bat paratuko dute Legia karrikako 47. zenbakian. Aitzinekoa baino bilketa gune txikiagoa izanen da, eta horregatik erabiltzaileen jarrera zibikoa eta arduratsua eskatzen da, edukiontziak betetzen badira zaborra lurrean ez uzteko, eta Toki Onako bilkera puntura eramateko. Izan ere, eremu hori indartuko dute. Gainera, Kanttonberri karrikako 3, 5, 8, 10 eta 12 atarietako bizilagunei zaborra Toki Onako bilketa eremura eramateko eskatu diote.

Aparkalekuak lanen ondotik

Lanak  bukatzean, horrela geldituko dira aparkalekuak: Ekialde karrikan egoiliarrentzako 11 aparkaleku ezarriko dituzte; Legia karrikako 1. atariko iparraldeko fatxadan gaur egun aparkaleku urdinak berde bihurtuko dituzte, Kanttonberri karrikan denbora mugatuko 13 aparkaleku urdin ezarriko dituzte, denbora kontrolatzeko sistema automatiko baten bidez eta egoitza aitzinean lanak bukatzean erabakiko dute ezarriko duten kopurua. Plaza berdeen galera konpentsatzeko, galdutako plazen kopuru bera ezarriko dute Toki Onan. Aparkaleku libreko gunea, berriz, liburutegi gibelean eta Matzadako aparkalekuan izanen da.

Lanen inguruko azalpenak emanez txostena prestatu du udalak, eta hemen irakurri daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun